Zumaiako frontoiaren diru laguntzen erabilera kritikatu du EAJk

Baleike 2014ko abuztuaren 6a

EAJk begi onez ikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zumaiako frontoi berria egiteko emandako diru laguntza. Hala ere,ez dago ados «ondoren diru horri eman nahi zaion erabilerarekin». Gipuzkoako Foru Aldundiak 750.000 euroko diru laguntza eman du, Sukia udalarentzat Sagarbiden eraikitzen ari den pilotaleku berriarentzat. Uztaileko plenoan udalbatzak diru laguntza onartu eta kreditu aldaketa erabaki zuen, 2014ko udal aurrekontuetan aintzat hartzeko. Gipuzkoako kirol azpiegiturak hobetzeko diru laguntza lerro bat zabaldu du aurten aldundiak. Deialdiko oinarriei erreparatuta, Zumaian pilotaleku berriak bakarrik betetzen zituen baldintzak, 2014ko aurrekontuetan jasota egotea eskatzen zelako. Hala ere, udalak erabaki zuen beste hobekuntza proiektu batzuk ere aurkeztea, premia larria dutelakoan –futbolzelaiak, besteak beste–. Aldundiak atzera bota zituen azken hauek, baina pilotaleku berriarentzat 750.000 euro esleitu zituen. Dirua hiru zatitan emango du: 2014an 200.000 euro, 2015ean beste 200.000 euro eta 2016an 350.000 euro. Udalak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu dirua jaso ahal izateko. 2014ko udal aurrekontuetatik 750.000 euro liberatzeko aukera ikusten du orain udal gobernuak, eta aurrekontuari atal berri bat gehitzea erabaki da azken plenoan, eraikin publikoen hobekuntzarako. Bildu eta Aralarren aldeko botoekin atera da aurrera udal gobernuaren proposamena. EAJk aurka bozkatzea erabaki du. Udal taldearen bozeramale Montse Aranak azaldu duenez, «ezin da onartu udal gobernuak, pleno berean, esatea dirua beste azpiegitura batzuetan gastatuko dutela eta ikusiko dutela aldundiaren aurrean nola justifikatu. Aldundiak 750.000 euro eman ditu, eta albiste bikaina iruditzen zaigu, baina lojikoena eta, batez ere, legezkoena, pilotalekura bideratzea da. Beste erabilpen bat emanez gero, etorkizunean dirua itzultzeko erreklamazio arriskua lekarke. Horregatik gure aurkako botoa».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide