Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lagun Onak F.T-k eta S.D. Eibarrek elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute. Atzo eguerdian, Ipuruan egin zuten ekitaldia, eta bertan izan ziren Eibar taldeko lehendakari Fran Garagarza eta Lagun Onak-eko lehendakari Mikel Izurieta, baita bi taldeetako kirol zuzendariak ere, Eibarko Alex Aranzabal eta Lagun Onak-eko Jose Angel Peña.
Hitzarmen honen arabera, Eibarrek lauzpabost jokalari utziko dizkio Lagun Onak taldeari, eta kirol-materiala emango dio. Azpeitiarrek, trukean, konpromisoa hartu dute utzitako jokalariei minutuak emateko partidetan. Gainera, lehen taldeko bere jokalariak utziko dizkio talde armaginari, hark entrenamenduak osatzeko behar dituen guztietan.
Hitzarmenak urtebeteko balioa du, eta luzagarria izango da, bi taldeak ados dauden heinean.
Elkarrentzako mesede
Bi taldeetako lehendakariek hitzarmenaren garrantzia nabarmendu zuten atzo, ez bakarrik bi taldeentzako, baita Gipuzkoako futbolerako nahiz euskal futbolerako ere. Taldeek «oso harreman estua» dutela diote bi lehendakariek; eta harreman estu horrengatik jokatu izan dute futbolari azpeitiar askok Eibarren. Filosofia eta baloreak ere berak dira bi taldeetan, eta bientzat «guztiaren oinarria kirolarekiko konpromisoa da».
Eibar taldeko kirol zuzendari Alex Aranzabalek aitortu du hitzarmen hau «oso garrantzitsua» dela «jubenil mailako adina gainditu duten klubeko jokalariek hirugarren maila bezalako kategoria zorrotz batean ikasten eta formatzen jarrai dezaten». Izan ere, juniorren taldearen ostean, Espainiako Lehen Mailako taldea besterik ez du Eibar taldeak gaur egun.
Bestetik, Lagun Onak-ek jokalarien garapena bermatzeko kirol instalazio «bikainak» dituela nabarmendu du Izurietak. Taldeak bere «independentzia» mantenduko duela nabarmendu du, eta taldearen oinarria jokalari azpeitiarrek osatuko dutela gaineratu du. Lagun Onak-eko lehendakariaren ustez, hitzarmen hau beharrezkoa da azpeitiarrek Hirugarren Mailako lehiakortasun maila «mantendu eta hobetzeko».
Harrobiko lau jokalari utzi dizkio dagoeneko Eibarrek Lagun Onak taldeari: Julen Azkue, Iñigo Ibargoien, Julen Lopez eta Andoni Errastu.