Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako alkateorde Ruben Alberdik Zestoako Udaleko Bilduren izenean erantzun dio EAJri; hain zuzen, honek aurreko egunetan hondakin sistema berriari buruz hedabideetan esandakoaz hitz egin du Alberdik. Sistemari buruzko balorazio sakonak irailean egingo dituztela adierazi du, «horretarako denbora etorriko da eta ez gara horietan orain sartuko», esan du. Izan ere, hondakin bilketa sistema berria martxan jarri eta hilabetera mahaia biltzekotan gelditu zen, sistemak zein akats zituen detektatu eta horiek zuzentzen joateko. Oraindik ez da bilera hori deitu, ordea, oporrak tarteko. Mankomunitateak ere hilabeteko epea gutxienez eskatu zuen bilketa sistema berriaren emaitzak eta datuak atera ahal izateko.
Balorazioa, beraz, irailean egingo dute. Hala ere, EAJri erantzun nahi izan diote, «langileekin zuzenean sartu baita» alderdi hori. Izan ere, langileen «goxotasun falta» eta herritarrei «presio eta mehatxuak» egin izana salatu dute Zestoako Eusko Alderdi Jeltzalekoek euren oharrean.
Bilduk leporatu die «aipamen hutsetan» utzi izana udaleko eta Mankomunitateko langileen kontrako hitz horiek, «idatzi formalik edo adibiderik eman gabe». Kontuak kontu, Alberdik Bilduren izenean adierazi duenez, «langileek gai honekiko oso erantzun postitiboa» izan dute, eta langileei etorri zaien lan gainkarga «oso ondo» eraman dutela irizten diote. «Profesionaltasun osoz jokatu dute, eta guk erabat babesten ditugu orain arte egindako lanean», adierazi du Alberdik.