Gaur hasi eta irailerako berritu nahi ditu Kiroldegiko aldagelak Zestoako Udalak

Olatz Prat 2014ko abuztuaren 6a

Zestoako kiroldegia barrutik (Olatz Prat/Hitza). Gaur hasiko dituzte Zestoako Kiroldegiko aldagelak berritzeko lanak. Agiromendi Eraikuntzak SA enpresak egingo ditu lanak eta 100.000 euroko (BEZ barne) kostua izango du. Irailaren hasierarako lanak bukatuta izatea da helburua, ikasturtea hasterako aldagelak herritarrek erabiltzeko moduan egon daitezen. Kiroldegian hiru lan nagusi aurreikusi dituzte datozen hilabeteetarako: aldagelak berritzea, kanpoko aterpea zabaldu eta gimnasioa handitzea, eta igogailua jartzea. Aurten lehen fasea egingo da, udalarentzat «garrantzi handiena» duena: aldagelak berritzea. Beste bi faseak datorren urte hasieran abiatuko dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere horretarako diru laguntzak emango dituela esan baitu. Eraberritzea «beharrezkoa» Aldagela berritu beharra argi ikusten zuten udalean, baita erabiltzaileek ere. Izan ere, oso zaharkituak daude: «Hain daude egoera penagarrian, jendeak jada ez ditu erabili ere egiten, ez dute nahi han dutxatzerik ere», azaldu du Ruben Alberdi alkateordeak. Aldagelen eremuak oraingoaren azalera bera izango du, eta hiru gelatan banatuko dituzte: bi aldagela handiagoak izango dira, eta beste bat txikiagoa. Handiak, egunerokoan neskentzako eta mutilentzako erabiliko dira; partidak dauden egunetan, berriz, bi aldagela handi horiek talde banarentzako izango lirateke, eta aldagela txikiagoa dena, epaileentzat edo talde txikiagoentzat. Paretak fenolezkoak izango dira (egur edo erretxina tankerako konposatu irazgaitza). Hala, aldagelak «modu sakonago eta erosoago batean garbitu ahal izango dira». Izan ere, orain aldagelak zaharkituak egoteaz aparte, garbitzeko ere zailak dira: «Azulejuak falta dira, pintura erorita dago eta nahiz eta garbiketa egin, zikin itxura jada ezin zitzaion kendu». Lanak, esan bezala, iraila hasierarako amaitu nahi dituzte, haurrak ere hara joaten baitira soinketa egitera. «Orain, haur asko dutxatu gabe gelditzen dira eta etxean dutxatzen dira, gurasoek ez baitute nahi haurrek han egiterik», esan du Alberdik. Aterpea eta igogailua Datorren urtetik aurrera egingo diren lanak, eraikinaren sarrerako aterpea handitzea eta igogailua ipintzea izango dira. Aterpeari dagokionez, gaur egungo sarreran Uztapide plaza aldera eraikinak duen hutsunea beteko da. Aterpea alde horretara luzatuko da, beraz, sarrera inguru guztia estaltzeko. Modu horretan bi gauza lortuko dituzte, «oso aurrekontu txikiarekin», gainera: alde batetik, aterpearen gainaldean eraikineko lehen solairua handitzea, erabilera anitzerako gela bat sortuz. Bestetik, aspalditik behe solairuko kantxan dagoen itogina konponduko da: «Goian estali gabe dagoen zati horretatik, nonbaitetik ura sartzen da, eta goia estalita ez litzateke jada halakorik gertatuko». Izan ere, teknikoek ere ez dakite zehazki ura nondik sartzen den, eta estalpea egin beharrean, zulo hori topatzen saiatuko balira, atariko lur guztia harrotu eta berri bat egin beharko lukete, «askoz ere kostu handiagoa sortuz». Gainera, «lehen ere aterpeari herritarrek atera dioten zukua ikusita», aterpe hori handitzeak merezi duela uste dute. Hirugarren fasean, igogailu bat ipiniko lukete. Solairu desberdinetara joateko eskaileretan, erdi-erdian egingo dute igogailuarentzat tokia. Bi aldeetara nahikoa leku geldituko litzateke erabiltzaileentzako, eskailerak nahikoa zabal baitira. Alberdik azaldu duenez, «modu honetan gurpildun aulkian doazenek, beheko kantxara nahiz pilotalekuko kantxako mailara jaitsi ahal izango lukete, gaur egun ezin baitute».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide