Domina du helburu Iñigo Peñak piraguako Munduko Txapelketan

Baleike 2014ko abuztuaren 6a

Iñigo Peñari iritsi zaio denboraldiko erronka nagusiari aurre egiteko ordua. Asteburuan Munduko Txapelketak jokatuko dira Moskun (Errusia), eta han izango da Itxas-Gaineko piraguista, Espainiako selekzioko lauko ontzian mila metroko distantzian lehiatzen. «Gure helburua domina lortzea da. Aurten Munduko Kopako proba bat irabazi ondoren, Munduko Txapelketan domina da gure buruari jarri beharreko erronka», erantzun du Peñak Errusia aldera abiatu aurretik. Itxaropenez, ilusioz eta konfiantzaz beteta darama motxila. Peñak badu baikor izateko arrazoirik. Bi urte daramatza laukote berberak lanean, eta aurten hobekuntza nabarmena sumatu dute. «Iazko denboraldiarekin alderatuta askoz hobeto gaude, piragua oso ondo doa. Lan handia egin dugu neguan, eta esan dezaket oraintxe gure punturik onenean gaudela». Gainera, maiatzean Milanen Munduko Kopa irabazi zutenetik denborak segundo eta erdi jaisteko gai izan dira, eta horrek segurtasun handia eman die. «Denborei begiratzen badiegu, onenen pare gaude. Lauzpabost talde gaude maila gorenean, eta horietako edonork irabaz dezake. Nik esan dezakedana da sasoi betean gaudela eta, gauzak ondo egiten baditugu, domina lortzeko aukerak dauzkagula». Aurkari gogorrenak izendatzeko eskatuta, Txekiar Errepublika eta Australia nabarmendu ditu. «Estropada egunean nerbioak ondoen menperatzen dituenak eta estrategiarekin asmatzen duenak irabaziko du; hori izango da giltza». Peña eta lauko piraguako beste hiru kideentzat ostiralean hasiko da lehiaketa, finalaurrekoarekin. Dena ondo bidean, igandean finala jokatuko dute. Irati Osa ere Mundialera Joan den asteburuan beste hitzordu garrantzitsu bat izan dute Itxas-Gaineko piraguistek. Espainiako Maratoi Kopa jokatu da, eta han izan dira jubenil eta kadete mailako piraguistak. Irati Osa jubenilarentzat txapelketa erabakigarria zen, irailean Oklahoman (AEBak) jokatuko diren Munduko Txapelketetarako txartela eskuratzeko, eta azkenean lortu du helburua. Osa bosgarren izan zen K1ean, eta bigarren K2an Ainhoa Hidalgo plentziarrarekin. K2an zeuzkaten jarrita itxaropenak, eta estropadan erakutsi zuten ez direla inor baino gutxiago. Hiru piragua iritsi ziren aurretik estropadako azken txanpara, beste biak klub berekoak. Lehorreko azken garraiatzean, bikote aurkarietako bat erori eta heldu egin zioten Osa eta Hidalgoren piraguari, beste bikoteari hanka egiteko aukera emanez. Han joan zitzaion zumaiarrari garaipena lortzeko aukera. Berez, Mundialera joateko postu bakarra dago maila bakoitzean, baina K1eko irabazle Estefania Fernandezek K2an ere irabazi duenez, eta bietan parte hartzerik ez duenez, bat edo beste aukeratu behar izan du. Eta K1aren aldeko apustua egin du. Horri esker, K2ko txartela Irati Osa eta Ainhoa Hidalgorentzat da. Beste emaitzei dagokienez, mutiletan Unai Gereka eta Imanol Barruetabeña bigarren izan ziren. Hauek Mundialerako txartela poltsikoan daukate, eta prestaketa hari begira daukate bideratuta. Bestalde, Azkune eta Egaña zortzigarren izan ziren. Kadete mailan aipatzekoa da Amaia Ortzien 11. postua. Helene Carmonak, Felix Urangak eta Xabier Altadillek, berriz, sailkapenaren erdialdean amaitu zituzten estropadak. Beteranoen mailan, azkenik, Xabier Osak beste urrezko domina bat lortu zuen. Sasoian.info-k elkarrizketa egin dio Iñigo Peñari, ikusi hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide