"Bataila politikoa galdu duen estatuaren ezintasunaren ikur bihurtuko da 'herrikoen' konfiskatzea"

Urola Kostako Hitza 2014ko abuztuaren 5a

Agerraldi masiboa egin dute Zarautzen, Auzitegi Nazionalaren erabakia salatzeko. Aritz Mutiozabal Agerraldia egin dute orain orduerdi Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako 110 herriko taberna eta kultur elkarteetako ordezkariek Zarauzko Musika Plazan. Koldobike Muniain zarauztarrak eta Agustin Alberro andoaindarrak gogor salatu dute auzitegi horren erabakia, lehenak euskaraz eta bigarrenak gaztelaniaz. "1936ean faxistek eginiko lokal eta ondasun lapurreta errepikatu du Auzitegi Nazionalak. Sententzia honekin, bere jardun politikorako lokal eta bitartekoak konfiskatzen zaizkio ezker independentistari".  Haien arabera,  epai horren bidez "ezker abertzalea garaitu duenaren ideia faltsua indartu" nahi du Espainiak: "Ezker abertzalearen ustezko porrota irudikatu nahi dute, errealitate politikoak eta hauteskunde emaitzek ere ukatzen dutena. Herri honetako indar nagusia izateko bidean den indar politikoari ondasunak konfiskatzeak ezerezean uzten du porrot politikoaren ideia". Hala ere, estatuak herriz herri ideia hori hedatu nahi duela nabarmendu dute Muniainek eta Alberrok, "Espainiak independentismoari  ematen dion erantzunaren sinbolo bat egon dadin herri eta auzo guztietan". Horrekin, ordea, kontrako efektua lortuko dute, adierazi dutenez: "Bataila politikoa galdu duen eta ezker abertzalearen oinarria bere lokal eta espazioak lapurtzen dizkion estatu baten ezintasunaren ikur bilakatuko da herrikoen konfiskatzea". Independentzia eta sozialismoa lortzeko lanean Oker daudela aldarrikatu dute, eta ezker abertzalearen oinarriak Euskal Herriko auzo eta herrietako bizitza sozialean eta politikoan "bere lekua" izaten jarraitzen duela gaineratu. Halaber, normalizazio demokratikorako prozesua "azken bururaino" eramateko eta independentzia eta sozialismoa eskuratzeko lanean eta borrokan jarraituko duela ohartarazi dute: "Hori da gure konpromisoa, gure herriarekiko betidanik mantendu duguna, eta etorkizunean ere mantenduko duguna".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide