Zestoako EAJk lehengo hondakinen bilketa modura itzultzeko eskatu du

Olatz Prat 2014ko abuztuaren 5a

Zestoan hilabete da hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarri zutela (Olatz Prat/Hitza). «Giro txarra» nabari du Zestoako EAJk herrian zabor bilketa sistema berria ezarri eta hilabetera. Hasieran ere onartzen zuten arazoak sor zitezkeela sistema berrira egokitzerakoan eta koordinatzerakoan, baina «denbora pasa ahala ikusi dugu arazoak gutxitu beharrean handitzen doazela», esan dute. Horregatik, udal gobernuari eta Bilduri bilketa sistema «birpentsatzea» eta lehengo edukiontzien bidezko sistemara itzultzeko eskatu die EAJk. Hondakinen sistema bi alderdiek adostuta abiatu zuten Zestoan. Hainbat arrazoik sortu dute herrian ezinegona EAJrentzat: arazo teknikoek; ezarritako ordutegietan zaborra atera ezin dutenen kasuek; eta zenbait gunetan dagoen edukiontzi faltak, besteak beste. Dena dela, EAJrentzat «formak» dira arazo handiena: «Lan horretan ari den pertsonalaren aldetik presioak eta salaketa mehatxuak jaso dituzte herritarrek, gauzak jakinarazi zaizkienean». Zestoako EAJko bozeramale Josetxo Mendizabalek berari iritsitako hainbat kexaren adibideak eman ditu: «Organikoa botatzea tokatzen zen egun batean, herritar bati ez zioten zaborra jaso, organikoentzako poltsa berezietan bota beharrean, plastikozko poltsa normal batean bota zuelako. Abisua eman zioten, gainera, hurrengoan salaketa jarriko ziotela. Bestetik, errefusa jasotzeko egun batean, garbitzaileak poltsa baten barruan lata bat igarri eta poltsa ireki zuen, herritarra suminduz, ez baitzuen uste garbitzaileak eskubiderik zuenik poltsa zabaltzeko, estatu polizial batean ote geunden galdetzen zion bitartean», azaldu du. Horretaz aparte, betiere EAJren arabera, dendariak eta informazio bulegora joan diren zenbait herritar ez daude gustura jasotako erantzunarekin, «zeu konpondu» eta antzekoak entzun dituztela esan baitiete hainbat herritarrek. «Jendea hasi da esaten erreziboak ordaintzeari utziko diotela», dio Mendizabalek. Konpresak edo pixoihalak botatzeko baimena eskatu beharra izatea «zoramena» iruditzen zaie, bestetik: «Hau ez da heziketa kontua izan, sistema poliziala dirudi, batek zaborra lurrean uzten du, besteak atentzioa ematen du, besteak isun mehatxuak egiten ditu, eta abar». Gauza horiek «fede onez» konpondu daitezkeela uste du bozeramale jeltzaleak, «ezin daitekeena egin da zaborrak gaizki sailkatuak daudelako kalean utzi, jaso egin beharko da ondo egon ala gaizki egon». Egoerarekin «triste» dagoela dio Mendizabalek, «gauzak gaizki egiten ari gara eta neu ere parte sentitzen naiz, nahi bainuen gauzak ondo ateratzea, baina ez da hala gertatzen ari, eta uste dut hartzen ari diren neurriak ere ez direla egokiak gai hau aurrera bake giroan eramateko». Arazoa bideratzeko gakoetako bat «jendearekin goxoago» jokatzean dela uste dute: «Bagenekien gauzak ez zirela hasieratik erabat ondo joango, baina sinatutako akordioaren filosofiaren barruan, ulertzen zen aurpegi ona jarriko zela eta pazientzia izango zela gauzak konpontzeko. Deskuidatu daitezkeen pertsona helduak, etxe atarira jaitsi eta igo ibiltzeko arazoak dituenari, zaborra atean utzi behar diete gaizki bota duelako?», dio jeltzaleak. Denbora gutxian sortzen ari diren arazoei ematen ari zaien erantzuna, hitz batean esanda, «petrala» da Mendizabalen ustez, «ez gara ari aurpegi on bat jarri eta gauzak modu egokian eta baketsuan konpontzen». Sistema berri bat jarriz «aurretik zegoenaren kalitatea mantendu edo gainditzea da logikoena» euren ustez, «baina hau justu kontrakoa» dela diote. Mendizabal Turismo zinegotzia da, eta herria «turista begiz» ikusten duela azaldu du. Zentzu horretan, «Zestoa lehen baino zikinago eta narrasago» ikusten du. «Udaletxean gauzak ez dira fede txarrez egiten, baina, sentsazioa daukat jendeak uste duela makilarekin gaudela atzetik eta hori ez da ona gauzak modu baketsuan konpontzeko». Oraindik sistemara egokitzen Zestoan Garbi informazio bulegoan lanean diharduen Mankomunitateko teknikari Iker Azagirrek dioenez, «era guztietako kontuekin» joaten dira herritarrak bertara, kalean poltsak ikusi dituela esanez bata, edo ekarpen gunerako txartel bila bestea. «Jendea datorren neurrian, informatzen eta gaizki dagoena zuzentzen saiatzen gara», azaldu du Azagirrek. Oraindik sistemara guztiz egokitu ez denik badela uste du: «Sistema duela hilabete jarri zen, eta oraindik jende asko dago ez dakiena nola egin, ez delako bulegotik pasa. Gutunak jaso ditu eta bandoak jarri dira eta uste dut informazio nahikoa eta sobera egon dela sistema aldatu dela jakiteko. Bulegoan daukagu informazio eta material guztia, kuboak, poltsak edo egutegiak, esaterako», azaldu du Azagirrek. Urola Erdiko Mankomunitateak irailetik aurrera egingo du Zestoako hondakin sistema bilketaren inguruko balorazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide