Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Andramariak gerturatzen ari dira, eta horrekin batera ekitaldien berri ematen ari dira antolatzaileak. Azkoitiko Festa Batzordeak film laburren lehiaketa antolatu du laugarren urtez, eta baldintzak argitaratu dituzte dagoeneko. Nola ligatu baboseatzeke. Hori da lehiaketara aurkezten direnek landu behar duten gaia.
Nahi duen guztiek hartu dezakete parte lehiaketan, eta bi eta bost minutu arteko ikus-entzunezko lanak egin beharko dituzte, formatu digitalean. Hau da, dvd, dc eta edozein ordenagailuk irakurriko duen formatuan aurkeztu beharko dituzte filmak, abuztuaren 15a baino lehen. Azkoitiko Udaleko Kultura Sailera eraman beharko dira lanak.
Lanek euskarazkoak eta originalak eta aurrez inon saritu gabekoak izan beharko dute. Era berean, gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatzen ez dituzten lanak ez dituzte onartuko; aldiz, bi irizpide horiek sustatzen dituzten film laburrak bereziki baloratuko dituzte.
Sariei dagokienez, lehenengo saridunak arkume jana egiteko sarrerak eta oroigarriak irabaziko dituzte, eta bigarren geratzen direnentzat oroigarria banatuko dute. Zinemarekin eta arte, letra eta informazio arloarekin lotuta dauden pertsonek osatuko dute epaimahaia. Dena den, antolatzaileek jakinarazi dute aurkeztutako lanek gutxieneko kalitaterik eskaintzen ez badute, saririk ez ematea erabaki dezaketela.
Ohi bezala, film laburren emanaldia Andramari Egunean, abuztuaren 15ean egingo dute, 22:00etan, herriko plazan. Lehenengo saria epaimahaiak erabakiko du, eta bigarrena bertaratzen diren herritarrek.
Era berean, Azkoitiko Festa Batzordeak zozkatu duen otarrak badu irabazlea: Jokin Sudupe Pio azkoitiarrak jaso du saria.