[caption id="attachment_99913" align="aligncenter" width="238"]

Xabier Oroz azkoitiarra (BizkaiaBasket)[/caption]
Xabier Oroz (Azkoitia, 1996) Iraurgi SBko saskibaloi jokalari gaztearentzat uda lanpetua izaten ari da hau. Hilabete baino gehiago ibili da etxetik kanpo, 18 urtez azpiko Europako Txapelketa jokatu baitu Turkian, Espainiako selekzioarekin. Itzuli den arren, ez du egun askorik egingo herrian; igandean berriro maletak hartu, eta Txinara bidaiatuko du, Gazteen Olinpiar Jokoak izango baititu han zain.
Nanjingen jokatuko dituzte Olinpiar Jokoak, hilaren 18tik 26ra artean. Han jokatzeko hautatu dute azkoitiarra, eta honek pozik hartu du proposamena, «bizitzan behin izango dudan esperientzia izango delako». 3x3 txapelketa jokatuko dute han, eta munduko herrialde ugaritako jokalariak izango ditu aurrez aurre. Besteak beste, Brasil, Argentina, Zeelanda Berria eta Errusia lehiatuko dira han. Espainiako selekzioarekin izango da Oroz, eta behin hara iristean zehaztuko dituzte erronkak. «Selekzio guztiak bi taldetan banatuko gaituzte, eta geure artean ligaxka moduan jokatuko dugu. Ondoren, kanporaketak hasiko dira», azaldu du.
Lehenengo aldiz izango da Gazteen Olinpiar Jokoetan, baina dagoeneko ondo ezagutzen du bere taldea. Azken hiru urteetan Espainiako selekzioarekin hainbat txapelketa jokatzera deitu izan dute, eta azken hilabeteetan han-hemenka dabil taldearekin: «Aurreko udan, esaterako, gure mailentzat ezer ez zen izan, baina uda hau oso bizia ari da izaten. Etxera itzultzeko gogoa dut, baina gustura hartzen ditut halako aukerak», esan du Orozek, Turkiatik etxera bueltan dela.
Aurrera begira
18 urtez azpiko Europako Txapelketa jokatu dute Turkiako Konya hirian, eta bosgarren postuan sailkatu da taldea. Txapelketa «zaila» izan dela uste du gazteak, talde gogorren aurka lehiatu behar izan baitute: «Lehenengo fasean lau taldetik hiru sailkatu ginen, eta talde indartsuak izan genituen aurrez aurre. Bigarren fasean, berriz, zorte txarra izan genuen, talde indartsuenaren aurka jokatu behar izan genuelako, Kroaziaren aurka alegia, eta ez genuen aurrera egiterik izan».
Final laurdenetan kanporatuta geratu ziren, baina bigarren helburua lortu ahal izan dute, bosgarren postuan geratuta, hurrengo urtean jokatuko dituzten Munduko Txapelketarako sailkatu baitira: «Taldearen ametsa zen domina batekin itzultzera etxera, baina hori ez genuenean lortu, lehenengo bost postuetan sailkatzeko helburua jarri genuen, eta hori behintzat lortu dugu».
Europako Txapelketan, gainera, uste baino gehiago eta hobeto jokatu duela azpimarratu du azkoitiarrak. Datorkionaren aurrean, berriz, motibatuta dago gaztea: «Turkian, 1.200 metrotara jokatu dugu, eta hobeto sentitzen nintzen jokatzeko garaian. Gainera, gauza asko ikasi ditut hango egonaldian, eta hori guztia praktikan jartzeko gogoarekin nago».