Hamabi taldeko multzoan lehiatuko da aurten Babyauto Zarautz

Aritz Mutiozabal 2014ko abuztuaren 5a

[Sasoian.info] Joan den astean egin zuten Ohorezko B mailako 2014-2015 denboraldiko egutegiaren zozketa, Espainiako Errugbi Federazioko egoitzan. Babyauto Zarautz K.E. taldeari A multzoan lehiatzea suertatu zaio aurten. Iazko udan onartutako maila nazionalen birmoldaketaren ondorioz, aurten iparreko multzoa bederatzi talde izatetik hamabi talde izatera pasatu da. Hori dela eta, errugbi taldekoek adierazi dute erantzukizun ekonomiko handiagoa izango duela denboraldi berrian Zarauzko taldeak. Izan ere, besteak beste, Burgos, Aviles, Galizia eta Valladolid aldera egin beharko dituzte bidaiak. Ligari ohi baino lehenago emango diote hasiera, irailaren 14an, eta lehen jardunaldian Mungia aldera bidaiatuko dute, Uribealdea R.T. Taldearen aurka indarrak neurtzeko. Iaz ohorezko mailarako igoera fasean aritu ziren, eta aurkari gogorra izango da, zalantzarik gabe. Etxean jokatuko duten lehen partida Santanderreko Independiete taldearen aurka izango dute; hauek igo berriak dira mailara, baina beren lehen taldea ohorezko mailako irabazle izateko lehian dabil. Babyauto Zarautzeko jokalari asko dagoeneko entrenatzen hasi dira denboraldi hasierara sasoiko iristeko. Ofizialki, ordea, abuztuaren 8an ekingo diote entrenamendu saioei Asti kirolgunean. Bigarren urtez, Fran Puertasen eta Facundo Oriven gidaritzapean ariko dira, eta iazko laugarren postu hobetzea izango dute helburua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide