Zarauzko Udala gustura dago 2014ko lehen seihileko hondakinen bilketari buruzko datuekin; balorazio positiboa egin du. Udalaren arabera, oro har, datuak ez dira asko aldatu iaztik; mantendu egin da bildutako hondakin kopurua eta baita gaika jasotako zenbatekoa ere. Orotara, 4 milioi kilo hiri hondakin bildu dituzte lehen sei hilabeteetan, eta horietatik 1,7 milioi kilo, bereizita. Zentzu horretan, gaikako bilketa tasak %42,52 izaten jarraitzen du.
Tasa gehienak bere horretan mantendu badira ere, zenbait datuk gora egin dute, eta beste batzuk behera. «Bildutako hondakin organiko kopurua, esaterako, jaitsi egin da: %5», hain zuzen. Baina datu hori ez da negatiboa, eta hala azaldu du udalak: «Pentsa daitekeenaren kontra, jaitsiera horrek ez du beste horrenbesteko igoerarik eragin errefusan. Auzokonpostan eta autokonpostan egindako bultzadaren emaitza izan da». Ia 500.000 kilo materia organiko jaso da aurtengo lehen seihilekoan.
Igoerari dagokionez, ontzi arinen birziklapen tasak egin du gora aurtengo datuen arabera. %10 ontzi arin gehiago bildu dute, ia 200.000 kilo pasa, hain zuzen. Datuak baikorrak diren arren, gaikako bilketan «oraindik ere lan handia» dago egiteko, Zarauzko Udalaren arabera: «Herri gisa, jasangarriak izango liratekeen gaikako bilketa tasetara heltzeko lan handia egin behar da oraindik, udalbatzarrak gehiengoz onartu bezala eta Hondakinen Mahaiko oinarrietan zehaztu modura». Urte amaierarako %70eko birziklatze tasa lortzea da helburua.
Panelak, Merkatu Plazan
Balorazio positiboa egin dute informazio brigadetako kideek ere. Udalak hondakinak biltzeko zein sistema ezarriko duen «epe laburrean» erabakiko duela-eta, hori martxan jarri aurretik herritarrak bultzatu nahi ditu hondakinak berrerabiltzen, birziklatzen eta murrizten jarraitu dezaten. Horregatik, Birziklatu zalantzarik gabe kanpaina abiatu zuen, eta ingurumen hezitzaileak ibili dira pasa den asteetan edukiontzi multzoen inguruan.
Brigada horren egitekoa herritarrak informatzea izan da, bilketari lotuta izan ditzaketen zalantzak argitzea, aurrez aurre eta haiekin harreman zuzena izanda. Era berean, zarauztarrek planteatutako kexak eta iradokizunak jasoko dituzte langile horiek. Irailean beste hamabost egun ibiliko dira zenbait bilketa puntutan.
Kanpaina horri lotuta, bi panel handi jarriko ditu udalak Merkatu Plazan. Horietako batean ekainaren 7an egindako hondakinen azterketako emaitzak ikusi ahalko dira. Egun horretan Artelatz taldeko kideek edukiontzi bat irauli eta herritarrek bertara botatako hondakinak aztertu ostean, batez besteko emaitzak jaso zituzten. Datu horiek izango dira ikusgai lehenbiziko panelean. Bestean, berriz, azken hilabeteetako birziklapen tasen berri emango da. Datu horiek hilabetero berrituko dituzte, azken emaitzen arabera eguneratuz.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide