Donostiako Musika Hamabostaldiak etxeko eta nazioarteko punta-puntako dozenaka musikari eta orkestra biltzen ditu, eta ehunka musikazale erakartzen. Diamantezko ezteiak ari da ospatzen Hamabostaldia, eta 75. urteurrenean, beste horrenbeste kontzertu ari dira eskaintzen han-hemenka. Horien artean, Azkoitian, Orion eta Zumaian musikaz gozatzeko aukera izango da datozen egunetan.
Azpeitian izan zuten lehenengo zita organozaleek, Thomas Ospital gazteak Loiolako Santutegian eman baitzuen kontzertua igandean. Aberatsa eta inprobisatua izan zen Ospitalena, eta bere saioa Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen 250. urteurrena ere ospatzeko baliatu zuten.
Azpeitian bezala, Azkoitian ere elkartearen urteurrenarekin bat egingo dituzte Musika Hamabostaldiko hainbat kontzertu. Lehenengo emanaldia bihar izango da, eta Organorako musika erromantikoaren interpretaziorako nazioarteko kurtsoa egingo dute, 10:30etik 13:00etara, Ama Birjinaren Jasokundearen Parrokian. Bertan, Mexikoko, Txileko, Kolonbiako, Japoniako, Errumaniako, Suediako, Danimarkako, Frantziako, Italiako eta Espainiako hogeita lau organo-jotzailek hartuko dute parte.
Hurrengo egunean, berriz, Thierry Escaich Parisko Kontserbatorioko irakasle eta organo-jotzaile ezagunak joko du Azkoitian. Egungo musika garaikidearen funtsezko ikurra da frantziarra, eta ibilbide oparoa du atzetik. 1965ean jaioa, Parisko Saint-Étienne-du-Mont elizako organista izan zen 1997tik, eta egun mundu osoan eskaintzen ditu emanaldiak, bere errepertorioa bat-batekotasunarekin uztartuz, eta zinema mutuari pianoarekin eta organoarekin lagundu izan dio zenbaitetan. Philadelphian, Vienan, San Petersburgon, Londresen, Berlinen, New Yorken, Los Angelesen, Chicagon, Tokion eta Budapesten eskaini ditu azken saioak. Azkoitikoa, berriz, bigarren kontzertua izango da, eta nazioarteko errepertorioko lanak eskainiko ditu.
Musika eta antzerkia, bat
Hirugarren saio bat ere izango da Azkoitian, abuztuaren 23an, Intsausti Jauregian, 20:00etan. Musika Aitzaki zikloaren barruan ariko da Magios Ensemble laukotea, Isabel Alvarez sopranoa eta zuzendariarekin.
El carnaval del Conde Peñafloridako kondearen antzerki komedia txiki bat eskainiko dute jauregian. Sainete liriko horretan, hainbat musikagile barrokoren eta Peñafloridako kondearen lanak entzun ahal izango dira, doan.
Musika Aitzaki zikloaren barruan beste emanaldi bana izango da Zumaian eta Orion; larunbatean, Elena Barbe sopranoa Zumaiako Maria eta Jose ikastetxean ariko da, Oier Etxaburu pianoarekin lagun duela. Jaialdiak urtero kostaldeko udalerri honetan izaten duen hitzorduan, natura, amodioa eta desamodioaren gaiak izango dira errezitaldia osatzeko abiapuntu, Monteverdi, Mozart, Bizet eta Liszten piezak eskainiz.
Orion, berriz, Josu Okiñena piano jotzaileak Aita Donostiaren lanaren inguruan grabatu berri duen diskoko hainbat lan aurkeztuko ditu hilaren 13an, 20:30ean, San Nicolas elizan. Emanaldi guztiak doan izango dira. Hamabostaldiari buruzko informazio osoa
www.quincenamusical.com atarian dago.
EGITARAUA
Azkoitia
Abuztuak 6, asteazkena. Organorako musika erromantikoaren interpretaziorako naziorteko kurtsoa, 10:30etik 13:00etara parrokian.
Abuztuak 7, osteguna. Thierry Escaich organo-jotzailea, Organo Zikloaren barruan, 20:00etan, parrokian.
Abuztuak 23, larunbata. El Carnaval del Conde, Magios Ensemblerekin, 20:00etan, Intsausti Jauregian.
Orio
Abuztuak 13, asteazkena. Josu Okiñea piano-jotzailea, 20:30ean, San Nicolas elizan.
Zumaia
Abuztuak 9, larunbata. Elena Barbe eta Oier Etxaburu, 20:00etan, Maria eta Jose Ikastetxean.