Azpeitiko San Inazio festak bukatu berritan udal ordezkariek egin duten balorazioaren arabera, jaiak "oso ondo" joan dira. Dena den, Festa Batzordea irailean bilduko dela, eta balorazio osoa orduan egingo dutela nabarmendu dute.
Festen balorazioa oso positiboa izan da: "Herriko kaleak beteta egon dira egun guztietan zehar, eta ez azpeitiarrak bakarrik, kanpotik ere jende ugari etorri da. Hori, herriarentzat oso garrantzitsua da, eta oso pozik gaude". Kontzertuetan "giro ederra" eta jendetza izan dela ere azpimarratu du Mikel Ibarzabal festetako batzordeburuak: "Talde onak ekartzen saiatu gara, eta herritarrek oso erantzun ona eman dute". Saninazioak "gero eta herrikoiagoak eta parte-hartzaileagoak" direla ere esan du, eta hori azken urteetan egindako "ahaleginaren fruitua" da. Udalaren ustez, hori ezinezkoa litzateke herriko talde eta eragileen lanik gabe, horregatik taldeak eta eragileak eskertu ditu, horrez gain etorkizunean ere elkarlanean segitzea espero du "festa herrikoi, parekide eta parte-hartzaileen alde".
Bukatzeko, uztailaren 27an izandako Haurren Egunerako BM-k eta Errotaundik emandako laguntza berezia eskertu dute udaletik.
Uztailaren bukaeran santioak ospatu ziren Azpeitian, eta saninazioak uztailaren 30ean hasi eta abuztuaren 2ra artean izan dira.