Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkatea: "Sententziak politika egiteko oinarrizko eskubidea urratzen du"

Urola Kostako Hitza 2014ko abuztuaren 1a

"Sententziak politika egiteko oinarrizko eskubidea urratzen du, eta eskubide hori gabe ez dago demokraziarik", adierazi du Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak Espainiako Auzitegi Nazionalak 35/02 auzian emandako epaiaz. "Ulertezina" da lan politiko hutsa egiteagatik hainbat herritar zigortzea, "soilik gerra logikarekin edo salbuespen egoeran ulertu daiteke", alkatearen ustez. Ideia politiko batzuk jazartzeko, eta erabat zilegiak diren proposamenak eztabaida politikotik kanpo uzteko "biolentzia instituzionalizatua" erabiltzen dutela salatu du Etxeberriak, eta "biolentzia" horren inguruko irakurketa kritikorik ez egotea "kuriosoa" dela uste du. Bestetik, "aukera politiko bat errotik suntsitu nahi dute ekonomikoki tabernak eta biltokiak kenduz", gehitu du. Epaia bera "ez sinestekoa" da alkatearentzako: "Oraindik amesgaizto bat delakoan nago. Nahi duena idatzita egongo da, baina politika egitea ez da inon delitu izango, ez hemen eta ez beste inon". Epaiak "eragile askoren beldurra" adierazten du Azpeitiko alkatearen ustez: "Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko datorren olatua gelditzeko, etengabe, betiko aitzakiak luzatuko dituzte". Garai honetan, "amorrua aktibo politiko" bihurtu behar da Etxeberriaren ustez: "Inteligentziaz, lanean eta indarrez, aldaketaren apustua egin behar dugu". Zigortuei eta taberna eta elkarteetako herritar guztiei elkartasuna adierazi die Etxeberriak. Gaur, elkartasun hori erakusteko, San Inazio bigarrengoko ekitaldi instituzionalean Libre leloarekin lepoko zapia eraman du soinean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide