Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko hainbat agintari bildu ditu San Inazio bigarrenak Azpeitian. Goizeko 10:00etan, herriko plazan elkartu dira aurrena Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta alderdi desberdinetako zinegotziak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Martin Garitano eta beste hainbat diputaturekin eta Eusko Jaurlaritzako eta legebiltzarreko ordezkariekin. Alkateak, Bilduko zinegotziek eta hainbat diputatuk
Libre leloa zuten lepoko zapiak eta
Orkatz libre lelodun kamisetak jantzita zituzten, 35/02 auziko epaiaren kontrako eta Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea dekomisatzeko aginduaren jarrera azalduz. Ondoren etorri da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria. Segidan, Loiolarako bidea hartu dute Izarraitz Txistulari Taldekoekin eta Azpeitiko Musika Bandarekin. Ordurako, herriko plazan
bakailao txapelketarako mahaiak prestatzen hasita zeuden festa batzordekoak.
Arana kalean Loiolara eraman dituen autobusa hartu aurretik kazetarien galderei erantzun die Urkulluk. Aste honetan Ibon Etxezarreta presoak egindako barkamen eskaera "eredugarria" dela, eta espetxe politikaren "giltza bergizarteratzea" izan behar dela esan du, horretan lanean ari direla gaineratuz.
Autobusez Loiolara iritsi direnean, eta basilikara sartu aurretik, Etxerateko bi kidek presoen egoerari buruzko txostena eman diote Urkulluri, eta presoen egoera zuzenean ezagutzeko gonbita egin diote. Egoerak okerrera egin duela salatu dute Etxeratekoek: "Krudelkeria honekin bukatu egin behar da". Urtero bezala, Loiolan elkarretaratzea ere egin dute gaur.