Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko andramariak gerturatzen ari direla eta, Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkartea probaz beteta dator abuztuan. Datorren astean egingo dute lehen lasterketa, larunbatean. Izan ere, elkartea sortu zutenetik, Martirietako Igoera antolatu ohi dute urtero, eta aurten iazko erantzuna izatea espero dute. Iaz arte festen barruan, abuztuaren 17an, egin ohi zuten txirrindularitza proba, ordea, jende gutxik parte hartzen zuen. Horregatik, iaz festen aurreko asteburura aurreratu zuten proba: «Lasterketa indartu genuen iaz, eta hamabi lagunek parte hartzetik 80 parte hartzaile baino gehiago izatera pasatu zen proba».
Lasterketa herrikoia da Jokin Ormaetxea taldekoena. «Martirieta mitikoa da bizikletan igotzeko», diote. Beraz, ohitura hori mantendu nahi dute probaren bidez. Abuztuaren 9an, Azkoitiko Plazatik abiatuko dira txirrindulariak, eta 3.700 metroko ibilbidea egingo dute, Martirieta gainera iritsi arte. Antolatzaileen arabera, lasterketa motza da, baina «oso gogorra», malda etengabekoa duelako. Dena den, proba irekia izango dela azpimarratu dute, eta nahi duen orok har dezake parte.
Dagoeneko izena eman daiteke, Zurt, Ttakun edo Koxka tabernetan, doan. Egunean bertan, berriz, plazan bertan eman ahal izango da izena, 16:00etatik 16:45era artean. Ohi bezala, Martirietan sari banaketa egingo dute, eta sari ugari zozkatuko dituzte guztien artean. Amaitzeko, askaria izango da denentzat.
Laguntza eske hilak 14rako
Martirietako igoerarekin batera, beste hitzordu berezi bat izango dute txirrindulari zaleek. Beste urte batez, Jubenilen Lasterketa jokatuko dute festetan, abuztuaren 14an. Soilik, federatutakoak lehiatu ahal izango dute orduan, eta 93 kilometroko ibilbidea egingo dute Azkoitia eta inguruetan; izan ere, eliza ataritik hasita, Zestoa, Iraeta, Aizarnazabal zeharkatuko dituzte gazteek, herrira itzuli arte. Handik berriro Zestoaruntz hartuko dute, eta Azkoitira itzultzean Azkarate mendatea igoko dute, eta hango bide zaharretik jaitsiko dira herrigunera; ondoren, Munategi eta Santa Kutz igarota, Plaza Berrian izango dute helmuga.
Halako lasterketa bat prestatzeko elkarteak herritarren laguntza behar duela azpimarratu du. Beraz, motoetan ibiltzeko, bidegurutzeetan egoteko eta proba «ahalik eta ondoen ateratzeko» boluntarioei dei egin die lagundu dezaten.