Azkoitiko EAJko zinegotzi Bastidak kargua utzi du

Urola Kostako Hitza 2014ko abuztuaren 1a

Iosu Bastida Azkoitiko EAJko zinegotziak kargua utzi zuen udalbatzaren astearteko osoko bilkuran; arrazoi profesionalak tarteko laga du. Bastida ez zen udalbatzarrean izan, baina Mikel Zubizarreta alderdiko bozeramaileak argitu zuen arrazoia: «Lan kontuen ondorioz udaleko bere jarduna behar bezala ezin du bete». Azken agintaldian EAJko zinegotzi gisa aritu da Bastida Azkoitiko udalean, eta aurreko agintaldian alkateordea izan zen. Udalak, bestetik, Fracking-a eta Palestinaren aurkako erasoak salatzeko mozioak onartu zituen astearteko bilkuran; biak aho batez. Lur azpitik gasa ateratzeko teknikak «arazo ugari» sortzen dituela salatu dute; besteak beste, uraren eta airearen kutsadura, mugimendu sismikoak agertzea eta inguruan bizi direnen osasun arazoak aipatuz. «Fracking-ak dakartzan ondorio kaltegarriak hainbat txosten eta ikerketa zientifikoetan erraz egiaztatu daitezke». Udalaren arabera, Eusko Jaurlaritzak sistema honen aldeko apustua egin du, eta adibidetzat jarri du SHESA diru publiko hutseko enpresak Euskal Herrian fracking-a egiteko baimenak bultzatu izana. Azkoitian, esaterako, Landarre eremuan azterketa probak egiteko baimenak eskatuta daude. Mozioaren bidez, beraz, Azkoitian teknika hori galaraztea dute helburu. Ikerketa baimen guztiak bertan behera geratu daitezen eskatu diote Hidrocarburos enpresari, eta udalak «jarrera aktiboa» hartzeko konpromisoa hartu du: besteak beste, Fracking gabeko udalerri izendatuko dute Azkoitia, eta Fracking ez seinalea jarriko dute herri sarreretan. Era berean, Fracking-aren debekua eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearekin bat egin eta udaletxeko harrera bulegoetan sinadura orriak jarriko dituzte. Udaleko zinegotzi guztiek bozkatu dute mozioaren alde. Hala ere, EAJ adierazpenarekin ez da erabat ados azaldu: «Kontsumo beharra eta dependentzia energetikoa goruntz doaz. Beraz, nonbaitetik ekarri egin behar da. Fracking-a aukera bat izan daiteke, baina aztertu egin behar da. Daukadun informazioarekin, mozioaren alde egingo dugu. Jakitun gara edozein energia iturrik bermeak behar dituela». Erasoak «berehala» amaitu Horrez gain, udalbatzarrean, Israel Palestinan egiten ari den erasoak berehala gelditu daitezen eskatu dute. Herrialde horretako «bortizkeriaren eskalatzea» geratzeko urgentziazko deia eginez, eta, NEBk egindako ebazpenean oinarrituta, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez gatazka konpontzeko beharra berretsi dute, baita Giza Eskubideen errespetu osoa ere. Israeli dei egin diote, zenbait indar palestinarrek sustatutako batasun nazionaleko gobernua mehatxu bezala ez ulertzeko, «aukera eta norabide egokian emandako urrats gisa» baizik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide