20tik gora auzipetuk egin dute agerraldia Donostian. Hodei Iruretagoiena
35/02 sumarioan auzipetutako 20 kidek agerraldia egin berri dute Donostian, tartean Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrek. Karmelo Landak hartu du hitza, eta horrek Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako epaia "erabateko astakeria" eta "justiziaren iruzurra" dela nabarmendu du. Haren arabera, epaiaren "oinarri bakarra" Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak orain dela 14 urte egindako txostenak dira, eta horren helburu politikoa "zigortuak jarduera politiko eta publikotik apartatzea" dela, "zigor kolektiboa" ezartzea, alegia.
Auzipetuak Clara Bayarri epaileak—boto partikularra eman zuen bakarra—esandakoa nabarmendu du, hau da, HB ez dutela erakunde "terrorista" izendatu, beraz, ezin dela halakorik zigortu. Orain halako epaia ematearen arrazoia garbia da auzipetuentzat: "Espainiako Gobernuak beldur diolako konfrontazio politiko libre era demokratikoari". Auzitegi Nazionaleko kideei "hanka sartzen" ari direla gogoratu diete, eta halako epaiketekin ez dituztela "makurtuko".
Hala, herritarrak mobilizatzera deitu dituzte; larunbatean Hego Euskal Herriko lau hiriburutan elkarretaratzeak egingo dituzte, 12:30ean. "Espetxeak euskal preso politikoz hustutzeko garaia da. Askatasuna irabaziko dugu"