Elkarretaratzea egin zuten atzo Zarautzen, Musika Plazan.
Auzitegi Nazionalak "butzada politikoko epaiketan azaldu duen jarrera zigortzaileen ibilbide luzearekin" lotu du Sortuk 35/02 sumarioko epaia: "Makroepaiketa honen bidez zigortu diren pertsonak ez dira azken helburua, ezta ezker abertzalea bera ere, azken finean dena bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herri oso bat da". Horregatik, Euskal Herriari berari egiten zaion "eraso frontal" gisa ikusi du Sortuk Espainiako Auzitegi Nazionalaren sententzia: "Estatuak Euskal Herriak garai berria zabaltzeko agertu duen erabakiari eraso nahi dio. Eta bake prozesuaren porroterako ezinbesteko zaio ezker abertzalearen militanteen aurkako eraso judiziala".
Zentzu horretan, PP eta Espainiako Gobernua "atzeraka" doazela nabarmendu du, "abiadura bizian". Eta horregatik heltzen zaizkiela "militantzia independentista zigortzen" duten epaiak: "Auzitegi Nazionaleko epai politikoen bitartez errelato ofiziala eta alderdi nagusien errelato interesatua indartu nahi dituzte". Bidea "okertu" dutela dio Sortuk, eta espetxeratu ditzaketen arren, gogoratu du "ezker abertzale sendo bat" izango dutela aurrez aurrea.
"Onargaitza egiten zaie euskal jendarteak ezker abertzaleari aitortzea aro politiko berria zabaldu izana. Batez ere, euskaldunek Auzitegi Nazionala eta espainiar alderdiak bakea lortzeko oztopo bezala argi identifikatzen dituenean". Hala, egoera "usteltzeko" eta "sufrimendua betikotzeko" hautua egin dute, Sorturen arabera: "Aldiz, guk bizikidetza eta eskubide guztien errespetuaren bidea aukeratu dugu". Estatuak Euskal Herriarentzat "eskaintza demokratikorik" ez duela dio, baina euskaldunen ardura da egoera aldatzeko "borrokan segitzea": "Eta borroka hori ahalik eta eraginkorrago izateko beharrezkoa da denbora eta elkarlana. Bakea eta normalizazioa bururaino eraman nahi duten alderdi eta eragile sozialen arteko akordioak beharrezkoak dira. Baita mobilizazioak ere". Gogoratu du larunbatean 12:30ean elkarretaratzeak egingo dituztela Hego Euskal Herriko lau hiriburutan.