Lanbide zaharrari eutsiz

Nerea Uranga 2014ko uztailaren 31

Albaolan, San Juan baleontziaren gilaren ondoan Mikel Olaziregi eta Esteban Gozategi arotzak (Miriam Tamayo/Hitza) «Erronka handia da. Dimentsioetan handia da, eta forma aldetik ere oso berezia», esan du Mikel Olaziregik (Pasai Donibane, 1966); Zumaian bizi da azken 21 urteetan. Esteban Gozategiren (Orio, 1954) esanetan, berriz, «sekula ikusi ez dena da. Horrelakorik ez dugu ezagutu». Biak arotzak dira, eta Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian XVI. mendeko San Juan galeoiaren erreplika egiteko lanean ari dira. Donostia 2016 Europako kultur hiriburu izateko proiektuaren barruko egitasmoa da, eta Kanadako Gobernuaren laguntzarekin eraikiko dute, berriz. San Juan euskal baleontzia 1563an eraiki zuten Pasaian, Euskal Herritik Ternuara baleak arrantzatzera joaten ziren ontzien adibide bat da. Kanadako Ipar Atlantiar kostaldean, Red Bay-n, hondoratu zen 1565ean, baleak arrantzatzetik bueltan zela. 1978an, itsas arkeologiarentzat eredu izango zen urazpiko indusketa hasi zuten Parcs Canadako arkeologoek, eta urazpian kontserbatzen ziren San Juan baleontziaren zatiak atera, aztertu, neurtu, eta berriro zeuden tokian utzi zituzten. Orain, San Juan baleontziaren erreplika egiten hasita daude. Gozategi eta Olaziregi dira horretan ari diren arotzetako bi. Ontzia eraikitzeko, aurrena, egurrezko estalpe bat eraiki dute Albaolan; urtebete behar izan dute horretarako. Egurrezkoa da ontzi osoa, eta ahalik eta lan gehiena lehengo teknikekin eta materialarekin  egingo dute. Ontziaren gila dute egina, pago egurrarekin. Orain, haritza ari dira lantzen, barangak eginez. Aitaren ontziolan ikasia Olaziregiren arabera, Gozategi maisu handia da arotz lanean; «niretzako ohore handi bat da berarekin lanean jardutea». Izan ere, oriotarra erriberako arotza da, «baporeetako arotza», bere hitzetan: «Baporeetan jardun dut beti lanean: Orion, Getarian eta baita Pasaian ere. Egurrezko baporeek iraun duten artean jardun dut lan horretan; baina, orain denak desagertuta daude, bukatu egin zen. Egurraren tokian txapa edo burdina eta poliesterra erabiltzen da gaur egun ontziak egiteko». Aitarengandik ikasi zuen lanbidea Gozategik, Orion. «Batik bat, ontziak konpontzen jardun izan dut nik. Gure aitak ontziola bat zuen beste lagun batekin, eta egurrezko baporeak egiten mutil koskorretan ezagutu nuen. Oporrak edo jai genuenean ontziolatik atera ere egin gabe ibiltzen ginen: aitari laguntzen edo enbarazu egiten», esan du oriotarrak. Konpondu bai, baina baporerik ez du egin Gozategik. «Orion azken egurrezko baporea egin zela 50 bat urte izango dira, ni txikia nintzen; 9-10 urte izango nituen».  Ordea, txibietarako ontziak egin ditu: «Txibietarako txiki-koskorrak bost edo egin ditut. Nik egindako bat museoan edo gordeta egongo da, baina beste denak desagertuta daude. Orion, oraindik, igoal egurrezkoren bat egongo da, baina horrelako gehientsuenak Zarautzen ziren. Egurrezkoak, orain fibrarekin tapatuta, estalita, egongo dira, egurra ez galtzeko». Erriberetako arotzen lana egurrezko ontziak egin eta konpontzea da. Lanbidean segitzen duen azkenekotakoa da Gozategi, eta horretarako aukera Albaolak eman diola aitortzen du. «Erriberako arotzaren lanbidea galdua dago. Horrelako kontuetan izaten da, baina beste inon ez dago lanik. Desagertu dira denak». Horretan bat dator Olaziregi, «erabat galduta dago». Ontzigintzan egurrarekin lan egiten den toki bakarra «Gipuzkoan behintzat» Pasaiako Albaola dela diote bi arotzek. «Lehen asko ziren egurrean lan egiten zuten ontziolak. Kostalde guztian zeuden: Zumaian, Getarian, Hondarribian, Orion... Orion bi edo hiru ezagutu ditut nik», esan du Gozategik. Baina, ontziola horiek itxi ziren eta haiekin batera erriberako arotzen beharra galtzen joan da. Egurrezko ontziek mantenu lan handia dutela dio oriotarrak: «Egurrezko ontzia zaindu egin behar izaten da asko: urtean behin margotu, belarrak kendu, txukundu... Plastikoa, berriz, ez da egurra bezala desegiten. Egurra, aldiz, zaintzen ez bada galdu egiten da». Berritu eta lanerako aukera Albaolak eta San Juan ontziaren erreplikak lanbidean segitzeko aukera eman dio Gozategiri: «Niri lanbidean berritzeko aukera eman dit. Lehen egurrezko baporeak konpontzen jarduten nuen; baina, kasu honetan, hasiera-hasieratik dena egitea, lanbidean berritzea da». Gozategik ia lau urte daramazki Albaolan lanean, dakien lanean: «Orain gutxi, bi edo hiru motore berritu genituen. Jendeak hona ekarri zituen, hondora bota edo erretiratu beharrean, eta hemen berritu egin ditugu». Olaziregik amets bat bete du San Juan-en erreplika egiteko lanean hasi denean. Olaziregi orain dela hiru hilabete hasi zen Albaolan lanean. Arotza da Zumaiako bizilaguna, baina ez da erriberako arotza: «Aitona bai, erriberako arotza izan nuen. Baina, neu tailerrean hasi nintzen arotz arrunt bezala lanean, eta gero, langabezian gelditu nintzen. Hemen, Albaolan, lanean hasteko aukera eskaini zidaten, eta zalantzarik gabe heldu nion. Niretzako izugarria da, ilusio handia egiten dit lan honetan jarduteak. Ni honetarako jaioa izan naizela diot askotan. Proiektua ikaragarria dela iruditzen zait, eta zoratzen nabil lanean». Pozik eta ilusioz ari dira beharrean biak ala biak. San Juan baleontziaren maketa, Albaolan dago ikusgai (Miriam Tamayo/Hitza). Ontzi indartsua San Juan baleontziak berezitasun asko ditu bi arotzen ikuspegitik: «Formak, dimentsioak, materiala... berezia da zentzu askotatik. Handia da, eta pieza handiak egin beharra dago». San Juan ontziak hiru solairu zituen, eta 28 metro luze, 7,5 metro zabal, eta 6 metro puntal zen. Ia 15 metro luzeko pagozko gila du. Horrez gain, forma bereziak dituzten aukeratutako 200 haritz, masta eta bergak egiteko 20 izei, eta kalamuz egindako 560 metro koadro oihal eta 6 kilometro soka erabiliko dituzte ontzia berreraikitzeko. Ontzi indartsua zela diote arotzek: «Baleontzi bat da, eta baleetatik ateratako olioa ekartzeko erabiltzen zuten. Upel asko ekarri behar izaten zituzten, beraz materialak indar asko egiten zuen kanporuntz. Horregatik, ontziak oso indartsua izan behar zuen. Karga ekartzeko ontzi bat baitzen, eta dimentsioak oso handiak dira», azaldu dute. Ahal dela lehengo eran Jatorrizko materiala eta teknikak berreskuratuko dituzte ontzia egiteko. Gila eginda daukate, eta orain haritzarekin barangak egiten ari dira. Ahal duten guztia lehengo eran egiten dute, baina badira gaur egungo teknologia erabilita egin beharrekoak ere. «Garai hartan, San Juan ontzia egiteko lau-bost hilabete behar izan zituzten, baina orain bi urteko epea daukagu». Barangak, arrankeko piezak, lantzen ari dira orain, tamaina handikoak: «Lan zailena hauek prestatzea da, pieza handiak dira, zerran ez dira sartzen, eta eskuz landu beharra dauzkagu behar duten lodiera emateko», esan du Gozategik. Bitartean, Olaziregi piezetarako ereduak egiten dabil. Haritza lantzeko gozoa dela diote, baina ezustekoak ere gertatzen zaizkie: «Halako korapilo batzuk egokitzen direnean pixka bat amorrarazten gara, baina, bestela, haritza egur gozoa eta ona da lanerako». Egur lanean aurreikusi gabeko hainbat ezusteko izaten da, eta tartean aurrea hartu ezin zaien hainbat kontu: «Egurrarekin ezin da hainbat kontu aurreikusi, giroak eta eguraldiak zeresan handia daukate. Botatako egur askok ez digu balioko, egiten duen eguraldiaren arabera egurra pitzatu egin daitekeelako». Pieza handiak lantzen ari direnez, egur asko beharko dute. «Gainera, enborra hartu eta barrua nolakoa edukiko duen ez da ikusten, eta zerratu ondoren igoal zuloak agertzen dira». Boluntarioak onartzen dira Ondorengo lanak ere nahikoa kezka ematen die bi arotzei.Ontzia oholez estaltzeak lana emango diela uste dute: «Zaila izango da». Oholak aurretik egosi egin beharko dituzte, bigundu eta gero beharrezko forma eman. «Pazientzia handiko lana izango da. Poliki-poliki egin beharrekoa», uste du Olaziregik. Gozategiren iritziz ere ez da lan samurra izango, «baina, polita izaten da lan hori». Horren ondoren, kalamua sartu beharko dute oholen artean, istingatu egingo dute, eta hori ere lan handia da. Albaolako ateak zabalik dituzte boluntarioki arotz lanetan jardun nahi dutenentzako, «orain ere neska bat etorri da eta pieza bat lisatzen laguntzen ari zaigu. Interesa eta ikasteko gogoa dutenek Albaolako ateak zabalik dituzte», dio Gozategik. Maisu lana egitea egokitzen zaio Gozategiri, nahiz eta honek «taldeko lana» azpimarratu umiltasunez. «Maisu handia da, hori horrela da. Esperientzia handia du», gehitu dio, ordea, aldamenetik zumaiarrak. Ontzia egiteko lan handiena arotzena da: «Egurrarekin lana egitea neketsua da, baina gero beste emaitza eta distira bat du ontziak». Arotzen lanaren ondoren, iltzeak, sokak, oihalak egiteko lana sortuko da. San Juan baleontziaren erreplika bukatuta ikusten dutenean «gustura» geldituko direla diote: «Bukatzea izango da gauzarik ederrena, eta gustura geldituko gara. Inoiz ikusi gabekoa da, filmetan-eta ikusten da piratak-eta ibiltzen direla, baina bestela inoiz ikusi gabekoa da». Enbaxada ibiltaria San Juan itsasontziaren erreplika bukatutakoan Donostia hiriaren enbaxada kultural ibiltaria izango da. Asmoa, Europan zehar nabigatzea da aurrena, Albaolakoen esanetan: «Desberdinen arteko elkar ezagutze, konexio eta kolaborazio elementu sustatzaile bezala». Bere lehen bidaian iparraldera joko du, hizkuntza gutxituen sustatzaile kulturalak diren Tosta sarearekin lotura duten portuetan geldituz. Gero, 2017an Kanadara bidaiatzea nahi dute, jatorrizko ontzia hondoratuta dagoen tokira. Bitartean, ontziaren eta euskal arrantzaleen historiaz jakiteko aukera Albaolan bertan da. Uztailaren 17tik jendearentzako irekita dago Albaola Itsas Kultur Faktoria Pasaia San Pedron dagoen Albaola Itsas Kultur Faktorian eraikitzen ari dira San Juan baleontziaren erreplika. Hilaren 17an ireki zituzten bertan jendearentzako ateak, eta orain egunero zabalik dago 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Bisita gidatuaren zirkuituak hiru gune nagusi ikusteko aukera eskaintzen du: hasieran, museoa eta etengabeko erakusketa daude. Bertan, San Juan ontziari buruzko kontuak jakin daitezke, baita garai hartako bale arrantzaleen nondik norakoak ere. Segidan, arotzen artisau lanetarako guneak daude. Toki horretan piezetarako ereduak egiten eta egur lanean ari dira arotzak. Eta, azkenik, erreplika egiten ari diren estalpea ikusteko aukera dago. Haurrentzako ere prestatuta dute bisita, eta itsasontziz joateko aukera ere eskaintzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide