Udarekin batera, ohikoa izaten da kamera eskuan herriko txokoak ezagutzen dabiltzan turistak bisita gidatuetan ikustea. Maiz pentsatu ohi da bisita gidatuak turistentzat bakarrik direla, baina eskaintza turistikoa bertan bizi diren herritarrengana ere zabaldu dute, lekuan lekuko ondarea hobeto ezagutu dezaten horiek ere. Azkoitiko eta Azpeitiko bisita gidatuek ere guztientzat lekua dute, turistentzat edo bertan bizi diren herritarrentzat.
Bailarako garapen agentzi Iraurgi Berritzen-ek eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Turismoak bisita gidatuak antolatu ditu beste urte batez abuzturako, eta horretarako eskaintza desberdinak prestatu dituzte bi herrietan. Bihartik aurrera, Azkoitiko eta Azpeitiko monumentu multzoa, ohiturak eta kultura ezagutzeko parada izango dute interesa dutenek.
Azkoitiko Dorretxe eta Jauregi artean bisita gidatuetan, XVI. mendekoa den Amabirjinaren Jasokundeko Parrokia, Idiakez dorretxea nahiz Etxe Beltz, Intsausti Jauregia eta Balda Dorretxea ezagutuko dituzte, eta Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista ofizialak bertako historiaren eta pertsonaia esanguratsuenen inguruan hitz egingo du. Azpeitian, San Inazio bere sorterrian izenpean, XVI. mendeko Sebastian Donearen eliza, Loiolako Inazio bataiatua izan zen pontea eta orain gutxi eraberritu duten Madalenako Ospitalea bisitatuko dituzte.
Bisita horiek bi euroko prezioa izango dute, eta gutxienez zortzi laguneko taldea osatu beharko da burutu ahal izateko. Informazio osoa lortzeko eta erreserbak egiteko, berriz, 943-15 18 78 telefonora deitu edo
www.i-loiola@urolaturismo.net helbidera idatzi behar da, eta tiketak bisitaren unean emango dizkiete. Era berean, taldeentzako bisita bereziak ere eskainiko dituzte nahieran, abuztuan eta irailean, aurrez erreserba eginda.
Bisita gidatuez gain, soilik Madalena Ospitalea eta hango interpretazio zentroa ikusi nahi duenak abuztuko hainbat egunetan izango du aukera, doan.
Azkoitiak historikoki pilotarekin izan duen lotura plazaratzeko, berriz,
Zu ere pilotari egitasmoa egiten dutela gogoratu dute. Bisitariek pilota modu praktikoan ezagutu dezaten, Oteiza Frontoiak bisitatu ostean pilota praktikatzeko aukera izaten dute Oteiza pilota elkarteko kideen eskutik, eta hamaiketako batekin amaitzen dute saioa. Informazio osoa eta erreserbak 652-73 04 75 (Basquetours) edo 943-15 18 78 (Turismo Bulegoa) telefonoetara deitu edo
www.i-loiola@urolaturismo.net helbidera idatzita lor daiteke. Tren zaleek, berriz, Azpeitian dute hitzordua, Trenbidearen Euskal Museoak tren irteera bereziak prestatuko dituelako abuztuan, asteartetik igandera bitartean. Horretarako, deitu egin behar da 943-15 06 77ra.
BISITAK:
Azpeitiko bisita gidatuak
-Data: Abuztuak 6, 7, 13, 14, 20, 21, 27 eta 28.
- Ordua: 12:30.
- Lekua: Sebastian Donearen Eliza nagusiko atean.
- Prezioa: Bi euro.
Azpeitiko Madalena ospitalea
- Data: Abuztuak 1, 2, 3, 8, 9, 10, 15, 16, 17, 22, 23, 24, 29, 30 eta 31.
- Ordua: 11:00etatik 14:00etara.
- Prezioa: Doan.
Azkoitiko bisita gidatuak
- Data: Abuztuak 5, 12 eta 26.
- Ordua: 12:30.
- Lekua: Amabirjinaren Jasokundeko eliza atarian.
- Prezioa: Bi euro.