Inpernupe babesteko protesta egin dute gaur arratsaldean Zumaian (Aiora Larrañaga/Hitza)
35/02 sumarioko epaia atera dute.
Berria.eus-en arabera mahaikideei hiru urte eta erdi arterainoko kartzela zigorra ezarri diete, eta herriko tabernen jabetza konfiskatuko dute, horien jabetza Espainiarena izatera pasatuz.
Joseba Permach zarauztarrari hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio. Bi urte eta lau hilabete bete zituen kartzelan Segurako operazioan atxilotua izan ondoren; gero auzi horretatik kanpo utzi zuten, 35/02 auzian sartzeko. 8 hilabeteko zigorra bete beharko ditu.
Mobilizazioak deitzen hasi dira
Epaia salatzeko mobilizazioak deitzen hasi dira. Zumaian, esaterako, gaur 19:30ean, elkarretaratzera deitu dute Magnolioan.
Azpeitian, bihar, San Inazio egunez 19:00etan manifestazioa izango da Orkatz Kultur Elkarteari ezarritako zigorra salatzeko. Orkatz kultur elkarte bat eta taberna izanik, gainerako tabernei ordubetez itxi eta "elkartasuna adierazteko" eskatu diete Orkatzekoek.
Auzitegi Nazionalak epaia auzipetu guztiei jakinarazi beharko die orain banan bana. Eta azken jakinarazpena egiten denetik bost egun izango ditu defentsak helegitea aurkezteko. Helegite horren tramitazioak urtebete eman dezake. Bitartean, printzipioz ezingo litzateke exekutatu sententzia.
Azkoitiko Zakela, absolbitu bakarra
Sententziaren arabera, Azkoitiko Zakela absolbituta dago, ez baitute aurkitu elkarteko zuzendaritzaren eta Herri Batasunaren arteko loturarik. Zakelak bere irakurketa egin dio HITZA-ri, eta "beste guztiak libre ez badira, gu ere ez", esan dute: "Une batez arnasa hartu badugu ere, epai etsigarria eta guztiz gaitzesgarria da, epaiketa politikoa izan delako eta jarduera politikoak epaitu dituztelako". 12 urtetan epaiketa honen "mamuarekin" bizi izan direla salatu dute, eguneroko funtzionamenduan eta ekonomikoki "karga" eragin dielako. Zakela absolbitu badute ere, "bihotza" zigortutako ezker abertzaleko 20 kiderekin eta dekomisatutako herriko tabernekin dagoela esan dute. Era berean, gogoratu dute epaia ez dela irmoa, fiskaltzak helegitea aurkezteko aukera duelako. Honen guztiaren aurrean, azkoitiar guztiei dei egin diete eskualdeko eta larunbateko Donostiako mobilizazioetan izan daitezen.
Azpeitiko Orkatz, berriz, zigortu egingo dute. Epaiketak Orketzeko ordezkari izan den Xabier Arrizabalagak Hitzari adierazi dionez, "argi dago erabaki politiko bat izan dela, elkarte ia guztiei eman baitigute egurra. Azken finean, nahi zutena zen gure presentzia, herriko tabernena, kaletik desagertzea".
Zarauzko Arrano Kabia elkartea, Zumaiako Inpernupe elkartea eta Getariako Harralde elkartearen jabetzak ere konfiskatu egingo dituzte, haiek Espainiako Estatuaren esku utziz.
Laster informazio gehiago.