Sahararen aldeko 3.000 desiok argituko dute Zarauzko zerua abuztuaren 16an

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 30a

Iazko ekitaldiko une bat. Abar Aranburu Abuztuaren 16an 3.000 su bola botako dituzte zerura, Sahararen aldeko desioak eskatu eta "herri batetik bestera, paretik parera" elkartasuna adierazteko. Iaz egin zuten lehen aldiz, eta udako ekitaldi "berezi, deigarri eta politenetakoa" izan zela aitortu du Gari Berasaluzek, Herrien arteko elkartasuna eta kooperazio zinegotziak. Hori dela eta, aurten errepikatzeko "beharra" ikusi dute. "Iazko arrakasta ikusita, kausa errepikatzeak guretzat eta sahararrentzat egundoko indarra zuela pentsatu genuen. Saharan esan ahalko dute urteekin Euskal Herrian badela nonbait herri bat ekitaldi polit bat egiten dutena, haiekiko elkartasunez. Horregatik aurten ere horren alde egingo dugu, sahararren eskubideak eta askatasuna errespetatzeko eskatzeko". Gainera, Oporrak bakean pasatzera Zarautzera etorri diren haur sahararrek botako dituzte lehenbiziko su bolak. Horren ondoren zerua argituko dute milaka su bolekin.  Iaz bezala, txartelak banatuko dituzte su bolak eskuratu ahal izateko, euro batean. Asteburu honetatik aurrera lortu ahalko dira Sortaldean, Kultura sailean zein Zarauzko Turismo Bulegoan. Bildutako dirua, osorik, Saharautz elkartera bideratuko dute. Hainbat ekitaldi, ekitaldi handiaren bueltan Ama Birjinaren bigarren egunean izango da Desioak sutan, Sahararentzat baina aurrez ere izango dira zenbait ekintza. Hilaren 14ean bat. Egun horretan Zarautzek eta Haguniak (Aaiun, Mendebaldeko Sahara) senidetzea berrestuko dute. Goizean harrera egingo diete, eta eguerdian, Ama Birjinaren jaien harira, haiek arduratuko dira txupinazoa botatzeaz. Halaber, egonaldia aprobetxatuko dute abuztuaren 16ko elkartasun ekintza hori bertatik bertara ezagutzeko. Bestalde, abuztuaren 16ko horretako irudiak luzaroan gogoratzeko, argazki eta bideo lehiaketa antolatu dute. Ekimenaren argazki onena ateratzen duenak  Tako Zarautz erakusketako bost lan aukeratu ahalko ditu sari gisa. Bideo onenaren egileak, berriz, Ipad mini bat jasoko du. Hona hemen Desioak sutan, Sahararentzat ekitaldiaren inguruan prestatu duten egitaraua: Abuztuak 11, astelehena. Ekimena antolatzeko koordinazio bilera irekia boluntarioekin 18:00etan Etxezabalan. Herriko talde, eragile eta jai batzordeei dei egingo diete, 70-80 bat lagun biltzeko hilaren 16an 19:00-23:00 artean lan egiteko. Abuztuak 13, asteazkena. Hondartzan, Elkartasun arratsaldea. Saharako haurrekin jolasak eta beste ekintzak, Gurutxurtu taldearen,  Saharautz elkartearen eta Euskal Fondoko Sahara Koordinazio Unitatearen laguntzarekin. Abuztuak 14, osteguna. Haguniako udal ordezkariekin senidetzea berrestuko dute Zarauzkoek. Goizean harrera egingo diete udaletxean, eta 12:00etan txupinazoa botako dute Haguniakoek. Abuztuak 16, larunbata. -16:00. Ekimenari hasiera emango zaio, Sortaldea kultur eremuaren kanpoaldean. Hainbat ekitaldi izango da, Saharautz eta Euskal Fondoaren eskutik. - 20:00. Su bolak banatuko dira, su bolengatik aldatu daitezkeen txartelen truke. - 22:00. Desioak sutan, Sahararentzat ekimena, Sortaldearen parean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide