Getarian 120 jokalari baino gehiago ariko dira Futbito Txiki txapelketan

Aritz Mutiozabal 2014ko uztailaren 30a

Futbito Txiki txapelketa[Sasoian.info] Larunbat honetan, abuztuaren 2an, IV. Futbito Txiki txapelketa jokatuko dute Getarian. LH 1. mailatik DBH 2. maila bitarteko neska-mutilak lehiatuko dira, lau kategorietan banatuta. Aurten inoizko jende gehienak hartuko du parte: guztira, 17 talde ariko dira, 120 jokalari baino gehiago. "Berri pozgarria da hau, eta ekimen honek duen arrakastaren erakusle da", aditzera eman dute antolatzaileek. Nobedade bezala, txapelketa Salbatore jaiak hasi aurreko asteburura pasatu da. Izan ere, "helduen eta gazteen futbito txapelketako finalak beti larunbat arratsaldetan jokatzen dira, eta haurrena ere horrela izatea erabaki da, honek haurrei ilusioa egingo dielako. Horrez gain, ikustera joateko gurasoentzat egun eta ordu polita dela iruditzen zaigu, eta frontoian giro polita sortuko dela". Txapelketa 16:00etatik aurrera izango da Getariako frontoian, 16 partida jokatuko dira, eta 21:30ak aldera arte luzatuko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Eguraldi txarra egingo balu, Sahatsaga kiroldegira lekualdatuko lukete kirol egitasmoa. Talde irabazleek Ikurriña jaso dute sari moduan, eta parte hartzaile guztientzat domina dotoreak egongo dira aurtengoan ere. Ekitaldi honetan "garrantzitsuena parte hartzea" dela nabarmendu nahi izan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide