Eztabaida sortu du Lapatx Zabortegiaren bulegoa Azpeitiko Berdura Plazan kokatzeko asmoak

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 30a

[caption id="attachment_102949" align="aligncenter" width="300"]Azpeitiko azoka plazan bigarren solairua berritzeko obrak hasita. (Azpeitiko Udala). Azpeitiko azoka plazan bigarren solairua berritzeko obrak hasita. (Azpeitiko Udala).[/caption] Lapatx Zabortegia S.A.ren egoitza Azpeitiko Berdura Plazan jartzeko hitzarmena egin zuten iaz Azpeitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak. Lapatxek leku horretan izango duen bulegoaren harira, bulego berriaren ordainketari buruz adierazpenak egin ditu Azkoitiko EAJk. Mankomunitatearen gastu orokorrak mankomunitateko herri guztiek ordaintzen dituzte: «Azkoitiari %36 ordaintzea dagokio, kasu honetan 685.000 euro. Ez gaude ordaintzearen aurka, baina kontsezio epea amaitutakoan Azpeitiko Udalarena izango da lokala», adierazi dute EAJkoek. Urola Erdiko Mankomunitateak Azkoitiko EAJri erantzun dio, hark esandakoaren aurka eginez: «Eraikina Lapatx zabortegiak bere diru sarreretatik ordainduko du, eta bertako dirua azkoitiarrel ez ezik, hondakinak bertara botatzen dituzten gipuzkoar guztiek jartzen dute». Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak esan duenez, Gipuzkoatik Lapatxera zaborra ekartzen duten beste herri askok egiten duten moduan, Mankomunitatea osatzen duten udalek ere tasa bat ordaintzen dute, botatzen duten zabor kopuruaren araberakoa. Bulego berria non kokatu Azkoitiko EAJk, ordea, ez du irakurketa bera egiten. Azpeitiarrek azkoitiarrei «gol sorta» sartu diela uste dute, hainbat arrazoiengatik: alde batetik, bulegoa Azpeitian jartzeko derrigortasuna salatu dute. Beraien hitzetan, Azpeitiko Udalak egindako hitzarmenak dio Azpeitian bulegoa egotea «estrategikoa» dela; horren aurran, Azkoitiko EAJk honakoa dio: «Ez dago zertan egoitza nagusia Azpeitian egon beharrik. Herrietan dauden aukerak aztertu behar dira, eta horren arabera erabaki non kokatu». Etxanizen esanetan, aldiz, «Mankomunitatearen egoitza betidanik Azpeitian egon da. Estatutuen lehenengo artikuluak argi dio: Mankomunitateak Azpeitiko Lapatx zabortegian du legezko helbidea», eta helbide hori Azpeitiko Enparantza Nagusia 5 zenbakia da. Azkoitiko EAJren udal taldeak  salatu duen bigarrengo arrazoia bulegoa eskuratzeko prozesua da. Hau da, EAJren arabera, bulegoak eskuratzeko aukera ugari daude. Udal talde azkoitiarrak dioenez, Azkoitian 910 metro koadroko bulegoak daude, (925 metro koadro eskatzen ditu Lapatx Zabortegia enpresak). 100.000 euro garestiago erosi daitezke, baina trukean jabetzan hartuko litzateke egoitza. Baina «orain egin den hitzarmenaren eraginez, 30 urtera bulegoaren lokala Azpeitiko Udalarena izango da», salatu du Azkoitiko alderdiak. Mankomunitatearen esanetan, berriz, egoitza berri bat egin beharrean, eraikuntza zahar bat konpontzea «hobea» da: «Mankomunitateak derrigorrezkoa du egoitza egoki bat izatea, ezin baititu bere zerbitzuak egokitasunez eskaini horretarako leku egokirik ez badu». Bestetik, Azkoitiko EAJk salatu du 2011tik hona Mankomunitateak langile bat edukitzetik 18 edukitzera pasa dela. Leire Etxanizek berretsi egin du 2011. urtetik gaur arte Mankomunitateko langileen kopurua hazi izana: «Hasieran 6 langile baziren ere, lanpostu berriak sortu dira zabor bilketa arloan eta, horrez gain, aldi baterako hezitzaileak kontratatu dira azken hilabeteotan», argudiatu du. «Eztabaida falta» Prozedurak «irekiagoa» izan behar zuela eta eztabaidarik ez dela egon azaldu du Azkoitiko EAJk: «Informazio falta sumatu dugu egiten diren akordioen inguruan». Mankomunitateak, berriz, hartu diren erabaki guztiak «gardentasunez» hartu direla uste du: «Urola Erdiko Mankomunitatean EAJk badu ordezkaritza, nolatan ez da orain salatzen dituen interesak defendatzera agertu? Azkoitiko EAJko ordezkaria ez da Mankomunitatea eratzeko lehen bileraz gain inongo bileretara agertu azken hiru urteetan», salatu du Etxanizek. Mankomunitateko lehendakariak uste du Azkoitiko EAJk Azkoitiko Udal Gobernua «gutxietsi» nahi izan duela: «Uste dute edozerk balio duela boto batzuen bila aritzean, baina errealitatea beste bat da», esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide