Hastear dira Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako eraikin berria egiteko lanak

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 30a

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolaren eraikin berria eraikiko duten tokia (Ane Olaizola/Hitza). Azkenean, aurreikusitako datetan hasiko dira eraikitzen Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolaren eraikin berria. Eusko Jaurlaritzak udalari jakinarazi dionez, aste honetan bertan hasiko dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarena izango den eraikina egiten Juin industrialdearen parean. Azken asteetan eraikina egingo duten eremua garbitzen aritu dira udaleko langileak, eta saneamendu hodien lanak ere esleitu ditu. Hori hala, orain Jaurlaritzari dagokio eraikitze lanak egitea. Hain zuzen, Jaurlaritzak Vias y Construcciones S.L. enpresari adjudikatu zizkion maiatzean lan horiek. Hasiera batean 7,5 milioi eurotako aurrekontua zuen proiektu osoak, baina azkenean 4,5 milioi eurotan esleitu zituen Eusko Jaurlaritzak. Aurtengorako 1,6 milioi euro izango dituzte, eta hurrengorako ia 3 milioi euro. Enpresak urte eta erdiko epea izango du eraikina egiteko, eta gauzak ondo, 2016-2017 ikasturterako DBHko ikasleek eta irakasleek eraikin berria izango dute martxan. Urteetako borroka Xabier Munibeko Guraso Elkarteak «pozik» hartu du albistea, euren helburua zelako data hauetan hastea. Orain, lanak hasi eta bukatu daitezela eskatu dute, eta obrek irauten duten bitartean euren seme-alabak «ahalik eta ondoen» egotea da beraien nahia. «Badakigu behin-behineko egoera dela, eta beraz, egoera onartuko dugu», esan du Idoia Alberdi elkarteko kideak. Urteetako borroka izan da eraikin berria egitearena, ikastetxean ikasle kopurua hazten joan baita ikasturtetik ikasturtera. Leku arazoa zela eta, duela urte batzuk barraka handietan ikasi behar izan zuten umeek, baina ordutik aldatzen joan da euren egoera; «egoera zerbait hobetu da, baina ez da guztiok umeentzat nahi duguna». Azken ikasturteetan, Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko sotoetan ikasi izan dute DBHko ikasleek, eta horretarako hainbat egokitzapen egin dituzte. Aurten, esaterako, DBHko ikasleek hiru lekutan banatuta igaro dute kurtsoa; lehenengo mailakoak Xabier Munibeko eraikinean egon dira, eta gainontzekoek Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko metaleko eta egurreko ikasketak eskaintzen dituzten eraikinen sotoetan egin dituzte ikasketak. «Gabeziak asko dira: ikasgelak estuak dira, hezetasun asko dago, eta zarata ere handia izaten da». Xabier Munibe Ikastolakoek ere behin baino gehiagotan esan izan dute eraikin berria «beharrezkoa» zutela, egungoa txikiegi geratu eta arazo ugari sortzen zizkielako. Asko atzeratutako proiektua izan da, eta guraso elkartearen ustez, euren borrokarengatik izan ez balitz, are gehiago atzeratuko zitekeen. Protesta ugari egin dituzte azken urteetan, eta bitartekari lanetan ere ibili dira erakundeekin: «Eraikin berria egiten hastea lortu bada, gurasoen presioarengatik izan da; egoera are muturrerago joango zatekeen bestela».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide