Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iaz antolatu zituen estreinakoz ZAE Zarautz Arraun Elkarteak Lagunarteko Estropadak, Moila Biziberritzen egitasmoaren barruan. Aurten urrats bat gehiago eman du ZAEk, eta Elkarte Gastronomikoen Arteko Bandera ere antolatu du.
Larunbatean izango da hori, goizean zein arratsaldean. Elkartetik jakinarazi dute Lagunarteko Estropadaren egitura bera izango duela proba horrek. Alegia, proba herrikoia izango da, «jai giroan» eta «lehiarik gabea». Estropada bateletan jokatuko dute, eta taldeak lau arraunlariz egongo dira osatuta; taldeak mistoak nahiz neskenak edo mutilenak izan daitezke. Baldintza bakarra bete beharko dute: 16 urtetik gora izatea. Elkarte Gastronomikoen Arteko Banderan parte hartzeko ez da derrigor elkarte bateko kide izan beharrik; bazkide baten seme, alaba, emazte, senar eta lagunek ere hartu dezakete parte elkarte horren izenean.
Lau batel ditu ZAEk, eta horregatik, biko txandatan jardungo dute arraunlariek: bi ontzi lehian dabiltzan bitartean, beste bietako arraunlariak moilan aldatuko dira. Horiek Alle-Puntara joan-etorria egin beharko dute, biko txandetan. Lehen arraunlariak tira egiteaz gain, ontzia zuzendu beharko du. Txanda batzuk larunbat goizean jokatuko dituzte, 10:00etatik 13:00etara, eta gainontzekoak arratsaldez, 17:00etatik aurrera. Izena ematerakoan zehaztu beharko du talde bakoitzak noiz lehiatu nahi duen. Amaieran, denborarik onena egiten dutenen artean kanporaketak jokatuko dituzte, eta jarraian, finalak.
Lagunarteko Estropadak eta elkarte gastronomikoenak, nork bere sailkapena izango du. Elkarte gastronomikoen probari dagokionez, irabazleak ikurrina bat jasoko du sari gisa, eta urtebetez elkartean jarri ahalko du ikusgai. Datorren urtean estropaden aurretik itzuli beharko du ikurrina hori. Elkarte batek hiru urtez jarraian lortzen badu bandera, betirako izango da harentzat.
Lagunarteko Estropada ere ez da lehiakorra izango, baina sariak banatuko dituzte kasu horretan. Enbata parkean izango da sari banaketa, Aiten Etxe jatetxearen parean, eta ondoren afari- merienda eskainiko dute. Sardinak erreko dituzte, eta edaria ere izango da.
Gaur, azken eguna
Lagunarteko Estropadan zein Elkarte Gastronomikoen Arteko Banderan parte hartu nahi dutenek gaur dute izena emateko azken eguna. Horretarako ZAEren kontu korontean (3035 0029 66 029001842620) 20 euro sartu beharko dira taldeko, eta whatssap bidez 688-649307 zenbakira bidali ordainagiria, partaideen izen-abizenekin. Trukean, egun horretarako propio ateratako elastiko bana jasoko dute arraunlariek.
Gaur, bestalde, Kukaña Jaialdia egingo dute, Moila Biziberritzen egitasmoaren barruan, marea gora aprobetxatuz.