Imanol Urbietari omenaldia

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko uztailaren 30a

Imanol Urbietak egindako lana ezaguna eta aitortua da Euskal Herri osoan zehar. Azken hamarkadetan haur asko bere kantuekin hazi dira, eta herritar askoren soinu banda osatzen dute Urbietak sortutako abestiek. Musikaria, konpositorea, pedagogogoa, idazlea eta Zarauzko Abesbatzako zuzendaria izan zen Imanol Urbieta, eta 80 urte bete dituen urtean, Zarauzko Abesbatzak omenaldia egingo dio. «Urbietak haurrentzat egindako lana ezaguna bada ere, helduentzat ere abesti asko konposatu izan ditu. Alderdi hori herritarren artean ezezagunagoa da, eta horri indarra eman nahi diogu», azaldu du Jaione Eskudero Zarautz Abesbatzako zuzendariak. Abuztuaren 8rako antolatu dute Imanol Urbietari bere 80.ean omenaldia Zarauzko Santa Maria La Real Parrokian. Kontzertua Zarauzko XXVI. Udako Musikaldiaren barruan antolatu dute. Musikari askoko kontzertua Kantu ezagunak eskainiko dituzte Imanol Urbietaren omenaldi kontzertuan: Naya Zarauzko diskoteka ezaguneko kantuak eta Urbietak Oleskariak zortzikotearentzat egindako abestiak eskainiko dituzte, besteak beste. Zarauzko Abesbatzako kideen ahotsez gain hainbat musika tresnen hotsak ere toki berezia izango du kontzertuan, eta musika tresna jotzaile ezagunek hartuko dute parte saioan. Alde batetik, herriko bandako bost metal jole arituko dira: Iñigo Isasti, Inko Eizmendi, Beñat Isasti, Mikel Isasti eta Joseba Iztueta. Bestetik, Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte; horretaz gain, lau instrumentu jolez osatutako musika taldeak ere parte hartuko du kontzertuan. Antxon Sarasua teklatuan, Iñaki Oliden akordeoiarekin, Eriz Eizmendi flauta eta txirularekin eta Bixente Martinez, hainbat gitarra joz. «Urbietak abesti horiek ahotsez soilik interpretatzeko egin zituen, baina omenaldian musika tresnek ere izango dute tokia», zehaztu du Eskuderok. Urbietak 80 urte baditu ere, musikarako «dohai berezia» izaten jarraitzen duela uste du abesbatzako zuzendariak. Izan ere, abuztuaren 8ko ekitaldian eskainiko duen errepertorioko kantuak Urbietak berak moldatutakoak dira. «Urbietak lan handia egin du bere abestiak Zarauzko Abesbatzako ahots nahasietara egokitzen. Abesti asko Oleskariak taldeko gizonen ahots lodientzat egindako kantuak ziren, eta Imanol Urbieta bera abesti horiek emakumeen eta gizonen ahotsetara moldatzen aritu da azken hilabeteetan», azaldu abesbatzako zuzendariak. Zarauzko Abesbatzako kideen esanetan, Urbietak «bere lurrarekin, bere inguruarekin, pertsonekin, bere bizipenekim jaso duena guztioi transmititzen saiatu da ipuinen eta musikaren bidez, eta baita lortu ere. Herritarrak eta hainbat kanpotar oso identifikatuak eta maiteminduak sentitu baitira gure lurrarekin eta hizkuntzarekin eta gure bizimoduarekin», gaineratu dute. Zarauzko Musika Jaialdia - Abuztuak 1, ostirala: 22:00etan. Santa Maria La Real parrokian kontzertua: Urval Ensemble klarinete laukoteak saioa eskainiko du. - Abuztuak 8, ostirala: 22:00etan. Santa Maria La Real parrokian Zarautz Abesbatzaren kontzertua: Manolo Urbietari bere 80.ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide