Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dena prest dago bihar eguerdian lau eguneko festa luze eta koloretsuei hasiera emateko. Txupinazoaren danbatekoa entzuteko goraino beteko da Plaza Nagusia, eta argazkilariz beteko da udaletxeko balkoia, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek botako baitute aurten lehen suziria. Ondoren Udal Musika Bandaren, Izarraitz Txistulari Taldearen eta Biasteriko dultzaineroen doinuek eta Marea Arroxaren kolore eta alaitasunak, San Inazioetako giro berezi eta magikoan murgilduaraziko dituzte azpeitiarrak eta bisitariak.
Hortik aurrera, eta larunbat gauera arte, festa, festa eta festa. Gorputzak eutsi arte. Herri bazkariak, meza eta prozesioak, zezen txikiak eta handiak, pilota jaialdiak, haurrentzako jolasak, musika emanaldiak, txarangak eta erromeriak, su-festak, txapelketak, saltzaileen postuak eta goizaldeko hanburgesak. Denen gustuak asetzeko moduko egitaraua prestatu du Festa Mahaiak herriko hainbat eragile eta norbanakorekin.
Izen handiko musika taldeak izango dira gauetan txosna gunean eta plazan. Besteak beste, Urtz, Su ta Gar, Reincidentes, Willis Drummond eta Danba. Herriko musikariek ere izango dute euren tartea, Ezinean nahiz Belar Txarrak, kasu.
Titin III.a Irujoren tokian
Urtero legez, pilota partida profesionalak jokatuko dira Izarraitz pilotalekuan San Inazio gauez. 22:30etik aurrera Aspe eta Asegarceko puntako pilotariak kantxara aterako dira. Lehenengo partida Jokin Altuna III.ak eta Kepa Peñagarikanok jokatuko dute Iñaki Artolaren eta Alexis Apraizen aurka. Peñagarikanok agur esango dio partida honekin profesionaletan egin duen ibilbideari. Partida nagusia, berriz, Titin III.ak eta Beñat Rezustak jokatuko dute Oinatz Bengoetxea VI.aren eta Mikel Beroizen aurka. Titin Martinez Irujoren tokian etorriko da, izan ere Iberokoak ezkerreko eskuan mina du.
Sarrerak egunean bertan leihatilan salgai egongo dira, 30 euroren truke, 12:30etik 13:30era eta 21:00etatik aurrera.
Gauetan ere autobusak
Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean, Azkoitia eta Zarautz arteko autobus-linea indartuko du Euskotrenek, beti ere, Azpeititik gainontzeko udalerrietara mugitzeko. Azkoitian, Azpeitian, Zestoan, Zumaian, Getarian eta Zarautzen egingo dituzte geldialdiak autobus horiek.
Hala, bihar, uztailak 30 eta ostiralean, abuztuak 1, Azpeititik Azkoitira 00:15ean, 01:45ean, 02:45ean, 03:45ean, 05:00etan eta 06:00etan aterako dira autobusak. Azpeititik Zarautzera 00:45ean, 03:30ean, 05:30ean eta 06:30ean aterako dira anbulatorio aurretik. Etzi, uztailak 31, Azpeititik Azkoitira 00:15ean, 01:45ean, 02:45ean, 03:45ean, 05:00etan eta 06:00etan aterako dira, eta Azpeititik Zarautzera 00:45ean, 03:30ean eta 05:30ean.