Beñat Ibaieta eta Rikar Torre, Beduola Elkarteko kideak. (Gorka Zabaleta/Baleike)
Ontzigintzari lotutako herria da Zumaia bere sorreratik. Mota eta neurri askotariko ontziak eraiki dira mendez mende errio bazterreko ontzioletan, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakituriari jarraituz. Aspaldi joan ziren, ordea, ontzigintza tradizionalaren garaiak. Poliesterrak irabazi dio lekua egurrari, motorrak oihalari. «Zoritxarrez, eten handi bat egon da jakiturian. Urte gehiegi pasa dira ontziak modu tradizionalean egiteari utzi zitzaionetik», esan du Beduola Elkarteko kide Rikar Torrek. Duela hamar bat urte sortu zen Zumaian ontzigintza tradizionala berreskuratzeko taldea, eta orduz geroztik lanean ari dira lehengo egiteko moduak ikasi eta egurrezko ontziak zaharberritzen. «Pixkanaka ari gara, egin ahala ikasten, bati eta besteari galdetuta, hainbat liburu kontsultatuta… Ontzi batzuk berreskuratu ditugu dagoeneko, eta biltegian gehiago dauzkagu zain».
Zorionez, itsasontzi tradizionalak eta, oro har, itsas kultura biziberritzeko gogoa indartzen ari da euskal kostalde osoan. Hala azaldu du Beñat Ibaietak: «Lapurdin urteak daramatzate gaiarekin lanean, eta talde sendoak daude, esate baterako, Aturri ibaian eta Zokoan. Bizkaian ere lan handia ari dira egiten Lekeition eta Bermeon, batzuk aipatzearren. Gipuzkoan, Albaola dago Pasaian, eta talde bana Hondarribian eta Zumaian. Getarian ere badago talde bat, baina ontziak berreskuratzeaz baino gehiago arduratzen dira informazioa biltzeaz».
Bat egiteko premiaz jabetuta, 2009an Euskal Bateleroen Elkartea sortu zuten, behinolako ontziak berreskuratzeko, biziberritzeko eta erabiltzeko asmoz. Eta elkartearekin batera, Batelero Eguna hasi ziren antolatzen, batelak tailerretatik atera eta publikoan erakusteko. «Euskaldunon itsas kultura oso aberatsa izan da, baina gehiena galdu egin da, ondare horri ez zaio daukan garrantzia eman. Ontzi tradizionalak biziberritu eta berriro uretan ikusteak balio dezake izan garenaren kontzientzia pizteko», esan du Ibaietak. «Gure helburua ez da denboran atzera egin eta berriro itsasontzi guztiak modu tradizionalean eraikitzea; guk nahi duguna da itsas ondareari merezi duen garrantzia ematea, gure herriarentzat hain garrantzitsua izan den itsas kultura betirako ez galtzea», zehaztu du Torrek.
Oraingoz nahikoa lan badute Bidabeazpiko tailerrean batel zaharrak konpontzen. Baina garbi dute hori lehen urratsa baino ez dela. «Guk ez ditugu batelak berreskuratu nahi gero gordeta edukitzeko. Uretan nahi ditugu, eta erabiltzeko. Epe ertainera, gure proiektua da itsasontzi tradizionalentzako pantalan bat jartzea eta jendeari erabiltzeko aukera ematea, gure patroi batek lagunduta. Ontziak errioan ikusi nahi ditugu, batera eta bestera», aurreratu du Torrek.
Egun osoko jaia ostegunean
Euskal kostaldeko 25 bat ontzi tradizional bilduko dira ostegunean (uztailak 31) Zumaian, Batelero Eguna ospatzeko. Goizez itsasora abiatuko dira nabigatzera –Zumaia parean, lehorretik ikusteko moduan– eta arratsaldean errioan ibiliko dira. Estropada berezi bat ere antolatu dute: «Euskal Herriko Ziga Txapelketa jokatuko da. Bakarka arraun egiteko modu berezia da ziga, lehen portuetan-eta asko erabiltzen zena. Zumaian jokatuko da Euskal Herriko Txapelketa. Aldez aurretik Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak jokatu dira, eta bakoitzeko bi onenak izango dira Zumaian», azaldu du Ibaietak.
Itsasontziak nabigatzen ikusteaz gain, itsasoko produktuak dastatzeko aukera ere egongo da, baita itsas kantak entzuteko aukera ere Beheko Plaza abesbatzaren eskutik; batel baten botadura egongo da, eta antzerkia, Mari kalean, jaiari amaiera emateko.