Pablo Turrillas da Lagun Onak-eko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria.
Uztailaren 15ean hasi zuen futboleko Lagun Onak-eko gizonezkoen lehen taldeak denboraldi-aurrea; Espainiako Hirugarren Mailan ari da.
Pablo Turrillas entrenatzaile berriarekin hasi du prestaketa, debarra gustura dago taldearen erritmoarekin: "Taldekideen jarrera oso ona da, eta bikain konpontzen gara gure artean". Bi asteotan egindako lanean jokalariak "sasoiko" ikusi ditu prestatzaileak.
Entrenamenduak hasita, lagunarteko futbol partiden egutegia ere egin dute Azpeitiko futbol klubekoek: Pasajes, Aurrera Ondarroa, Real Union, Hernani eta Zarautzen kontra jokatuko dute.
Abuztuaren 6an du aurrenekoa, etxean, Garmendipen, Pasajesen kontra. 18:00etan da partida. Horiez gainera beste lau partida ditu hitzartuta:
abuztuaren 9an, 11:00etan, Ondarroan, Aurrera Ondarroaren kontra;
abuztuaren 13an, 19:00etan, Garmendipen, Real Unionen aurka;
abuztuaren 16an, 11:00etan, Garmendipen, Hernaniren kontra; eta,
abuztuaren 19an, Garmendipen, Zarautzen kontra.
Abuztuaren 24an hasiko du Lagun Onak-ek denboraldi berria, etxetik kanpo, Durangoren kontra. Aurretik egindako lanak berebiziko garrantzia du Azpeitiko taldearen entrenatzailearentzako: "Elkar ezagutu eta erritmo egokia hartzeko beharrezkoa da denboraldia baino lehen ondo entrenatzea, eta horretan ari gara". Taldea beteranoek, gazteek, herrikoek eta kanpokoek osatuta dago, eta entrenatzailea ere berria da, horregatik orain egiten ari diren lana elkar ezagutu eta konfiantza hartzeko baliotsua dela uste du Turrillasek. Lagunarteko partidak taldeak erritmoa hartzeko balio dutela uste du: "Erritmo egokia hartzeko baliagarriak izango dira".