Catak Fagor erosita, emandako hitza betetzea espero du Grumalek

Olatz Prat 2014ko uztailaren 29a

Gaur eguerdian jakin da Cata enpresa kataluniarrak irabazi duela Fagor Etxetresnak erosteko enkantea. Pedro Malagon Donostiako Merkataritza epaitegiko titularrak CNA (Cata) taldearen eskaintza hobetsi du.  Epailearen ustez, hainbat arrazoigatik gainditu du Catak Cevitalen eskaintza: hasteko 42,5 milioi euro eta 705 enplegu sortzea aurreikusten du Catak, Cevitalek berriz, 28 milioi euro eta 500 lanpostu. Bestetik, Cataren ekintza perimetroa Cevitalena baino zabalagoa da, likidazio prozesuan aurreikusten ziren ekoizpen unitate guztien aktibazioa barne hartzen baitu; Fagor Etxetresnak, Aspes eta Splendid markek aurrera egingo dute etxetresnen merkatuan. Basauriko Edesa ere Cataren esku geldituko da, epaileak hori onartu ondoren; bertako jarduera hasteko aukerak daude, beraz, baina Catak eta Ecomac konpainia txiletarrak egin dezaketen akordioaren menpe dago, hein handi batean, Ecomac-ek Basauriko lantegia aktibatzeko interesa agertu baitu prozesuan zehar. Lanpostuei dagokionez ere, zenbaki hobeak aurkeztu ditu Catak: 4 urtean 850 lanpostu sortzeko konpromisoa adierazi du, Cevitalek berriz 545 lanpostu sortzea aurreikusten zuen. Arrazoi horiengatik guztiengatik erabaki du Malagon epaileak Cataren alde egitea. Grumal proiektua ikusi zain Azpeitiko Grumaleko soldatapeko langileei zuzenean eragiten die enkante honek, izan ere, lantegiak Catarekin nahiz Cevitalekin akordio bat sinatu zuten ekainean, sortutako lanpostuetatik 150 eurentzat izango zirela bermatzeko. Grumal enpresa likidazio prozesuan dago une honetan eta hiru hilabeteko epea eskatu dio epaileari enpresa likidatu eta Grumal berri bat abiarazteko. 30 langile inguruk izango lukete lekua proiektu horretan eta aurrejubilatu ez diren gainontzeko langileak Cataren langile izatera pasako lirateke hitzarmen horren arabera. Epaileak onartu egin du luzapen hori eta beraz, hiru hilabete barru zehaztuko dira gauzak. LABek Grumalen proiektu berria martxan jarriko denaren «erabateko ustea» agertu du. ELAk, aldiz, «negoziazio-batzordearekin egindako akordioa oso-osorik betetzea» eta enplegua hautatu zuten 122 pertsonak «lehenbailehen eta negoziatutako baldintzetan» hartzea eskatu du. «ELAk adi jarraituko du Catak hartu dituen konpromisoak benetan aintzat hartzen dituen; espero dugu hau eperik laburrenean gauzatzea» adierazi du sindikatuak. Grumaleko ELAko ordezkari eta bi hautagaiekin osatutako negoziazio batzordeko buru Patxi Isasmendik adierazi du ikusi egin beharko dela Cataren proiektua: «berez, esan dituen zenbakiak ikusita, Grumaleko 122 langile horiek birkokatzeko sobera leku dagoela ikusten dugu, gero hitza betetzea edo ez betetzea beste gauza bat da». Horregatik, jarraipen batzorde bat eratuko dela adierazi du Isasmendik. Cevitalen baldintzak, Grumalekoen iritziz, «hobeagoak» baziren ere, Isasmendik dio bata ala bestea izan «berdin» dela eurentzat: «azken finean guk lanpostuak nahi genituen. Baina proiektua ikusi behar da, zeren 500 lanpostu esan edo 700 esan, garrantzitsuena horiek baldintza onetan sortzea da, eta denboran jarraikortasun bat bermatzen duen proiektua izatea». Lantegi berria abiarazten Gaur egungo Grumal likidatzean, bertako 30 langile inguruk beste enpresa bat jarriko dute martxan. Lehengo jarduerari eutsiz, proiektua zehazten, bideragarritasuna aztertzen eta bezeroekin harremanak sendotzen dihardute gaur egun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide