Etxeko hondakin arriskutsuak biltzeko etxola jarri dute Aian

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 29a

Hondakin arriskutsuak bilduko dituzte Aiako etxolan. (Iturria: Urola Kostako Udal Elkartea)

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aiako Udalak Birziklapen Etxola jarri du aparkamenduan etxeko hondakin arriskutsuak jasotzeko. Herritarrek nahi dutenean utzi ahal izango dituzte etxeko hondakin arriskutsuak etxolan, egun eta ordu jakin batzuen zain egon gabe. Etxola metalezkoa da eta paretan dituen zuloetatik barrena sartu behar dituzte herritarrek etxeko hondakin arriskutsuak. Urola Kostako Udal Elkartetik jakinarazi dutenez, etxolaren diseinua bereziki zaindu du Ekogras enpresak Aiako inguruarekin egoki etortzeko.

Urola Kostako eskualdean jarri den bigarren etxola da Aiakoa eta udal elkartea eta Aiako Udala ziur daude "baliagarria izango dela etxeko hondakin arriskutsu gehiago birziklatzeko".

Hurrengo hondakinak utz daitezke etxolan: aparailu elektriko txikiak, arropa, erabilitako landare olioa, merkuriozko termometroak, pilak, erradiografiak, aerosolak, garbiketako produktuak, tinta eta toner kartutxoak, pintura, motor olioa eta fluoreszenteak eta kontsumo txikiko bonbillak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide