Zuzendaritza berria du Anaitasuna Futbol Taldeak

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 29a

Anaitasuna futbol klubeko zuzendaritza talde berrikoak (Nerea Uranga/Hitza). Anaitasuna Futbol Taldeak presidente eta zuzendaritza berria izango du hurrengo denboraldian. Azken 11 urteetan presidentea izan den Javier Zubizarretak lekukoa utzi dio Pedro Urdapilletari, eta aurrerantzean berak gidatuko du kluba. Era berean, zuzendaritza berria ere osatu dute, eta helburua da orain arteko lan ildoekin jarraitzea, eta talde lanaren bidez hobetzea. Oraingoan, bederatzi lagunek osatuko dute zuzendaritza, eta horietatik hiru berriak izango dira: Urdapilleta lehendakaria eta Bittor Larrañaga eta Mikel Arregi kideak dira batu direnak, eta aurreko postuetan jarraituko dute Jon Ander Azkuek (diruzaina), Maider Zinkunegik (idazkaria) eta Jose Mari Uriak, Sorkunde Garatek, Ibon Orbeak eta Borja Rotxak. 2014-2015 denboraldiaren plangintza egiten ari da orain zuzendaritza berria. Anaitasunako hamabi taldeak eta eskola futbolak izango dituzten kideak eta talde teknikoa ere zehaztear dituzte, baina aurreratu dute kirol arloan gizonezkoen taldeak zaindu eta gidatzeko ardura Mikel Arregik eta Borja Rotxak izango dutela; emakumeen taldeak, berriz, Sorkunde Garatek eta Ibon Orbeak zuzenduko dituzte. Aurten, gainera, emakumezkoen hiru talde izango ditu Anaitasunak, orain arte baino bat gehiago. Anaitasunak Sasoikorekin hitzarmena egin du (Nerea Uranga/Hitza). Anaitasuna Futbol Taldeak Sasoiko Azkoitiko Kirol Zentroarekin hitzarmen berria sinatu du, eta adierazi du horren bidez taldeak fisikoki eta teknikoki prestatzen, lesioei aurre hartzen eta min hartutako kirolariak prestatzen lagunduko dituztela. «Klubaren harrobian metodologia berriarekin has daitezen lanean hasi dugu akordioa», esan dute Sasoiko-ko kide Iñaki Alkortak, Jon Etxeberriak eta Xabier Artetxek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide