Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko udalbatzak osoko bilkura egingo du gaur 19:00etan, eta hainbat gairen artean hondakinak biltzeko sistemaren inguruan herri galdeketa egin ala ez erabakiko dute. Azkoitiko Atez Atekoaren Aurkako Plataformak abiarazitako ekimenaren ondotik eztabaidatuko dute gaia, eta herri galdeketa egin ahal izateko udalbatzak gehiengo osoz onartu beharko du proposamena.
Udalak ekainean onartu zuen sistema mistoa jartzea herrian, eta plataformak handik aste batzuetara hasi zuen herri galdeketa egiteko prozesua. Azkoitiko hamasei urtetik gorako erroldaren %15ak behintzat bat egin dute eskaerarekin, eta horregatik euren idatzia zuzenean joango da gaurko bilkurara, alkateak hori moldatzeko aukerarik izan gabe. Herritarrek txipdun bosgarren edukiontzien sistema edo gaur egungoa nahi duten erabakitzea da herri galdeketaren helburua.
Plataformak lau astetan egin duen kanpainaren bitartez lortu du beharrezko sinadura kopurua. Taldeak aurkeztutako sinadurak konpultsatu ditu orain udalak, eta 1.689 sinadura bildu dituztela berretsi du.
Aurreko astean hasi ziren sistema mistoarekin Azkoitian, eta asteartean jaso zuten errefusa atez ate. Han-hemenka zintzilikarioetan poltsa urdinak jarri eta edukiontzi marroietan errefusa ikus zitekeen, baina orokorrean lehen astea «normaltasunez» eta «aparteko arazorik gabe» igaro dela azpimarratu du udalak.
Sistema berriaren aurreneko balorazioa egiterako orduan, udalaren ustez lehengo asteko bilketa ez zen adierazgarria izan, edukiontzi grisak bezpera arte egon baitziren, eta pixoihalen edukiontziak ostegunera arte egongo baitira zabalik.
Edukiontzi marroiak, berriz, irailera arte egongo dira irekita, eta ordura bitartean trantsizio aldian egongo direla azpimarratu dute. Bitartean, beharrezko ikusten dituzten aldaketak egingo dituzte, eta besteak beste errefusa jasotzeko ordutegia moldatzea aurreikusten dute. Hori hala, datozen asteetan oharrak plazaratuko dituzte.
Gai askotako bilkura
Gai askotako bilkura izango da gaurkoa; herri galdeketa lantzeaz gain, konposta guneak jartzeko eta mantentzeko Urola Erdiko Mankomunitatearekin lankidetza hitzarmena hastea erabakiko dute, eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzeko beste hitzarmen bat onartzekotan dira. Era berean, Iosu Bastida EAJko zinegotziak kargua utziko du, eta iazko kontu orokorrak onartuko dituzte.
Honako hiru mozio ere jorratuko dituzte gaurkoan, guztiak EH Bilduk aurkeztutakoak; Udaltzaingoaren aurre-jubilazioaren inguruko mozioa; fracking-ari buruzkoa; eta Palestinaren aurkako erasoei dagokiena.