Azpeitiko anbulatorioa (Olatz Prat/Hitza).
Osakidetzak euskaraz ez dakien familia mediku bat kontratatu du Azpeitiko anbulatorioan lau familia mediku euskaldunen udako oporraldiko ordezkapena egiteko. Hala salatu zuen herritar batek Twitter sare sozialaren bitartez, eta informazio hori kontrastatu eta baieztatu egin zuen aurreko astean. Horren aurrean, Azpeitiko Natul euskara taldeak «kezka eta haserrea» agertu zuen; «azpeitiarrok euskaraz artatuak izateko zailtasunak izango ditugu uda honetan». Natulek, beraz, eskaera egin die Osakidetzako arduradunei: «Kontratua berrikusi, eta lehenbailehen arazoari konponbidea ematea nahi dugu».
Azpeitiko Udalak ere egin ditu adierazpenak. Azaldu dutenez, udal ordezkariak Osakidetzako arduradunekin bilduko dira «Azpeitiko herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu ditzaten» eskatzeko. «Udan ez ezik, urte osoan zehar eskaintzen dira erdara hutsez hainbat zerbitzu Azpeitiko osasun etxean. Eta Azpeitiko Udalaren nahia da arazo horri konponbide iraunkorra ematea», adierazi dute. Bide horretan, Osakidetzarekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu du Azpeitiko Udalak.
Euskara elkarteari kezkagarria iruditzen zaio Osakidetzaren erabakia; izan ere, «ez ditu kontuan hartu Azpeitiko herritarrak, ezta bertako errealitate soziolinguistikoa ere». Administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari «muzin» egin diola ere salatu dute, «Azpeitiko herritarren hizkuntza eskubideak urratuko» baititu Osakidetzak. Gaineratu dutenez, hainbat herritarrek gaztelaniaz komunikatzeko zailtasunak dituzte, eta pertsona horientzako «zailtasun nabarmena» eragingo du egoera honek, eta «osasun zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena» izango du.
Arnasgunearen garrantzia
Azpeitia euskararen arnasguneetako bat izanik, Osakidetzak «erdara nagusi den eremua» sortuko duela ohartarazi du Natulek. «Bertako herritarren %80k baino gehiagok dakite euskaraz; eta, egunerokoan, euskara da gure hizkuntza», adierazi dute.
Euskara elkartearen arabera, «arnasguneek hizkuntzaren biziraupenean egindako ekarpena handia izan da, eta handia izan daiteke euskararen normalizaziorako egin dezaketen ekarpena ere. Horretarako, ordea, euskararen arnasguneei dagokien garrantzia aitortu behar zaie, zaindu egin behar dira».
Euren ustez, ez da onargarria mediku erdaldunak jartzea, euskaldunen partez. «Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik; eta, ondorioz, trataera berezia behar dute». Horregatik ohartarazi dute, «beste hainbat arlotan bezala, hizkuntza politikan ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu» behar direla. «Azpeitiko herritarrok osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu; eta, beraz, zor zaigun begirunea eta errespetuarekin jokatzea eskatzen dugu».
Azpeitiko Udalak «herritarren kezka bere eginez» bat egin du Natul euskara taldeak egindako salaketarekin, eta egoerari irtenbidea emateko bere esku dagoen «guztia» egingo duela adierazi du. Izan ere, udalaren ustez, «Azpeitia bezalako herri euskaldun batean, euskararen arnasgune garrantzitsua dela jakinda, euskararen presentzia guztiz bermatu beharko litzateke anbulatorioan». Administrazio publikoak eskaintzen dituen «zerbitzuak euskaraz ere eskaintzeko betebeharra» daukala ohartarazi du.
Azpeitiko kasua ez da bakarra. Uda hasieran zumaiarrek antzeko egoera bizi izan zuten. Han familia mediku eta pediatra berriak kontratatu zituzten, erdaldunak biak. Horren harira, hainbat herritarrek euren kexa agertu zuten udalean, eta alkateak kexa horiek anbulatorioan aurkeztu zituen, Osakidetzari zumaiarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatzearekin batera. Uztaila hasieran konpondu zen auzia, Osakidetzak euskara gaitasuna zuten bi langile jarri baitzituen aurrez kontratatutakoen ordez.