Antonio Campos: "Ikastolen proiektua sakondu beharko litzakeela uste dut"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko uztailaren 29a

(Aiora Larrañaga/Hitza)

Antonio Campos Illarramendi (Orio, 1942) Ohorezko Euskaltzain izendatu du Euskaltzaindiak. Ikastolen mugimendutik abiatuta euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana aitortu diote oriotarrari; 1980 eta 2002 urteen artean Ikastolen Elkarteko lehendakari izan zen.

Ohorezko Euskaltzain izendatzea ohorea izango da, ezta? Niretzat bai. Ez nuen espero, eta oso pozik nago. Ostiral batean hartu zuten erabakia, eta bezperan hots egin zidaten hurrengo egunean erabaki hori hartuko zutela esanez. Badaezpada, aurretik nire iritzia jakin nahi zuten. Horrelakoetan, izendapena jaso aurretik norbera ohartzen al da egindako lanaren garrantziaz? Saltsan sartuta zaudenean ez zara konturatzen. Ondoren, hausnartzen hasten zarenean, ikusten duzu urte horietan zeinen urrats garrantzitsuak eman diren. Ikastolen Elkarteko lehendakari izendatu ninduten 1980an, eta 2002. urtera arte izan nintzen bertan; epe horretan benetako zabalkundea eman zen euskalgintzan, eta euskal kultura arloan. Mugimendu horretan guztian traktore lana egin zuten ikastolek. Erabaki zailik hartzerik tokatu al zitzaizun? Erabaki estrategikoak hartu ziren garai horretan, eta eragin handia izan dute egun ezagutzen dugun hezkuntzan. Testugintza, esaterako, ildo garrantzitsua izan zen. Ikastolak abiatu zirenean irakasle euskaldunik ere ez zegoen. Pixkanaka irakasleak euskalduntzen joan ginen, baina testu libururik ez zegoen euskaraz. Ikastolak gero eta ugariagoak ziren, eta Ikastolen Elkarteari oso eskaintza erakargarriak egin zizkieten argitaletxe espainiarrek, beren testuen itzulpenak egin eta horiek erabiltzeko. Argi genuen hori ez zela bidea, eta erabaki garrantzitsua hartu genuen: testu liburuak guk geuk sortzea, bertako errealitatetik abiatuta eta bertako adituek eginda. Tripako min ederrak eman zizkigun erabakiak, baina erabaki estrategikoa izan zen. Zure ustez, ikastolekin batera euskara pixkanaka bere tokia hartzen joan al zen gizartean? 80. hamarkadan sortu eta garatu zen elebitasun kontzeptua. Dena dela, Ikastolen Elkartean hausnarketa sakona egin genuen gaiaren inguruan, eta konturatu ginen euskararen eta gaztelaniaren artean, euskara beti galtzen aterako zela, ordura arte gizarteko arlo guztietan guztiz txertatua baitzegoen gaztelania. Hala, eleanitza kontzeptuaren aldeko apustua egin genuen ikastolek. Euskaldunok eleanitzak izan behar dugu, gutxienez hiru hizkuntza menperatu behar ditugu eta harremanetarako hizkuntzak euskara izan behar du. Zuek, aditu bezala, bazenekiten euskal gizarteak zituen beharrak zein ziren. Dena dela, herritarren babesa ezinbestekoa izango zen egitasmoa aurrera ateratzeko, ezta? Herriaren erantzuna paregabea izan zen. Euskalgintzan murgildutako lagun talde bat konturatu zen euskarak bizirik iraun zezan nahitaez eskolan sartu behar zuela. Ikastolen lehendabiziko helburua bera, euskara hezkuntzan sartzea izan zen. Herritarrek proiektuaren aldeko apustua egin zuten itsu-itsu. Ikastola asko legez kanpokoak izan arren, jendeak bertara eramaten zituen bere seme-alabak. Ez zen erraza izango mugimendu indartsu hori zuzentzea, ezta? Herri bakoitzean erralitatea oso desberdina zen, eta segituan ohartu ginen ikastolek aurrera egiteko elkartu egin behar genuela. Lurraldeko elkarteak sortu ziren orduan. Gu alderdi politikoetatik aparte mantentzen saiatu ginen. Ikastolen mugimenduko lagun asko eta asko Herri Batasunaren ingurukoak ziren, baina ikastolek zerbait behar zutenean EAJk laguntzen gintuen. HB udaletan bazegoen, baina gainontzeko erakundeetan ez egotea erabaki zuten. Erakundeen babesa garrantzitsua izan zen ikastolen mugimenduak aurrera egin zezan. Ikastolen Elkarteko lehendakaria nintzen garaian harreman zuzena izan nuen Garaikoetxearekin, Ardanzarekin eta Ibarretxerekin. Edozein arazo zegoenean lehendakariarekin hitz egiten genuen zuzenean. Dena sortzen ari zen garai hartan, eta ikastolek botere handia izan zuten bilakaera horretan. Ausartak ginen, guk behar genuena ematen ez baziguten mobilizazioak egiten genituen, kalera ateratzen ginen eta manifestazioak egiten genituen. Gogoratzen al duzu protesta garrantzitsuren bat? Gogoan dut 1994an egindako mobilizazioa. Aurretik Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen garrantzitsu bat sinatu genuen ikastolok, eta bertan konpromiso ekonomiko batzuk hartu zituen Eusko Jaurlaritzak. Dena dela, ondoren, EAJ eta PSE-EE Eusko Jaurlaritzan gobernuan zeudela, Fernando Buesa jarri zuten Hezkuntzako sailburu. Berarekin izan genuen lehen bileran esan zigun ordura arte hiru hezkuntza sare izan baziren ere, ordutik aurrera bi bakarrik izango zirela: pribatua eta publikoa. Ikastolak pribatuak zirela, eta berak horrela tratatuko gintuela, alegia. Hurrengo hilabeteetan ez zituen bete aurretik Eusko Jaurlaritzak hitzartuta zituen hainbat konpromiso. Horren aurrean, Txartel Gorria izeneko mobilizazioa egin genuen Buesaren aurka, eta manifestazio handia egin genuen Gasteizen. Bertan geundela Jose Antonio Ardanzak hots egin zidan, bere bulegoan bildu ginen eta gatazkari konponbidea eman beharra zegoela aitortu zidan. Nik esan nion mobilizazioa bertan behera utziko genuela, baldin eta hitzarmena sinatu bezala beteko zela hitza ematen bazidan. Horrela izan zen; Buesa Hezkuntza sailburua bazen ere, ikastolak Ogasun sailburu Jose Luis Larrearen esku geratu ziren, eta hitzartutakoa bete zuen Eusko Jaurlaritzak. Buruko min bat baino gehiago emango zizkizun Ikastolen Elkarteko lehendakari karguak. Bai, beti boluntarioa izan da nire lana. Jende askok pentsatzen zuen Ikastolen Elkarteko lehendakaria izateko liberatuta nengoela, baina ez zen horrela. Nik Kutxan lana egiten nuen, eta arratsaldeak libre nituenez, Ikastolen Elkartera joaten nintzen. Boluntarioen lana ezinbestekoa izan zen ikastolen mugimenduan. Hasiera haietan pentsatzen al zenuten ikastolak iritsi zitezkeenik gaur egun direna izatera? Zenbait unetan oraindik eta aurrerago iritsiko zirela pentsatu genuen. Une batean Gipuzkoan eskola publikoa desagertarazteko aukera izan genuen, baina sozialistak gobernuan zeuden, eta mugimendu hori geratu egin zen. Ikastolak ikaragarrizko indarra hartu zuten. Hasieran herritarrek sentimenduek bultzatuta eramaten zituzten haurrak ikastolara, baina bilakaera garrantzitsua eman zen, eta ondoren ikastetxe onak zirelako aukeratzen zituzten gurasoek ikastolak; metodologia berritzailea eta irakasle onak eta inplikatuak zituztelako. Nola ikusten duzu egun ikastolen mugimendua? Uste dut ikastolen mugimenduak indarra galdu duela; beharbada horrela izan beharko du. Ikastolen Elkartean bertan askotan entzun izan dut Euskal Eskola Publiko Berria eta hori garatzeko lege berri baten beharra. Ni ez nago horrekin ados. Ikastolen Elkartean egongo banintz ikastolak defendatzen jarraituko nuke, Ikastola delako herri honek sortutako eskola. Proiektua sakondu beharko litzatekeela uste dut. Hiru zutabe nagusi ditu ikastolen proiektuak. Alde batetik gurasoak daude: seme-alaben heziketaren erantzukizuna gurasoena da, eta gurasoek parte-hartze zuzena izan behar dute hezkuntza proiektuan. Bestetik, irakasleak egongo lirateke. Gurasoek ezin diete hezkuntza ofiziala eskaini haurrei eta gaztetxoei, eta irakasleak behar dira horretarako. Horiek ere kudeaketan parte-hartze zuzena izan behar dute. Hirugarren zutabea gizartea da. Haurrak etorkizuna dira, eta gizarteak zeresana du hezkuntza proiektuan. Administrazioak beteko luke gizartearen ordezkaritza ikastolen proiektuan. Hiru maila horien erlazioetan sakondu eta proiektua indartu beharko litzatekeela uste dut nik. Euskara eskolara iristea zen hasierako ikastolen helburua. Nola ikusten duzu euskararen egoera  gaur egun? Euskarak aurrerapauso handiak eman ditu azken hamarkadetan. Euskarak irabazi du eskola, eta unibertsitatera iritsi da. Orain euskarak kalea irabazi behar du. Etorkizuna gazteen eskuetan dago. Ziur nago gazteek euskara zabaltzeko beharra sentituko balute, denbora gutxian helburua beteko litzatekeela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide