Merkataritzaren gau bizia

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko uztailaren 29a

Murkileko lehendakari Inaxi Azkue, Charangako Sandra Gomez eta Manttangorriko Irantzu Urtiaga (Aritz Mutiozabal/Hitza). «Zarautz herri aberatsa eta bizia da, eta baita bertako merkataritza ere». Hori erakutsi, indartu eta, bide batez, bezeroei «gau ezberdin bat» eskaintze aldera, Gau Zuria antolatu dute herriko zenbait merkatarik biharko. «Merkatalgune baliotsua dugu hemen, eta horrek ere bizia ematen dio herriari. Zarauztik irten gabe, denetarik aurki dezakegu bertan», nabarmendu du Manttangorri dendako Irantzu Urtiagak. Eta hori eta gehiago aurkituko dute herritarrek bihar erdiguneko saltokietan, ohiko ordutegitik kanpo. Izan ere, berandu arte zabalduko dituzte saltokiak, 23:00ak arte, herritarrek gauez erosketak egin ditzaten. Baina ez da soilik salmentara bideratutako gaua izango; «merkatarien festa» modukoa izatea nahi dute. Hala adierazi du Charanga dendako Sandra Gomez Valadesek: «Bezeroak dibertitzea nahi dugu, musika ona entzun dezaten, mokadutxoren bat jan... Zarauzko merkataritza babestu eta ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak». Pablo Kahuna eta Sandra Grajal donostiarrek girotuko dute gaua soul, reggae eta pop doinuekin, eta parte hartzen dutenen artean ehun euroko bost txartel zozkatuko dituzte. Beste hainbat ezusteko ere izango dela gaineratu du Charanga dendako ordezkariak. Gau Zurian parte hartuko duten saltokiak gainontzekoengandik bereizteko, eguerditik aurrera globo zuriz apainduko dituzte horiek. 36 saltoki Herriko zenbait merkatariren ekimenez antolatu dute Gau Zuria. Murkil elkarteko lehendakari Iñaxi Azkuek jakinarazi duenez, elkarteak berak «lehen unetik» babestu du ekintza berritzailea, eta herriko saltoki guztietako jabeei eskaini zaie bertan parte hartzeko aukera, elkarteko kide izan ala ez. Izan ere, «dendari guztiek nahi dute eskaini zerbitzu bizia, bezeroarekiko gertukoa eta denetarik eskaintzeko gai dena», Gomez Valadesen arabera. Hala, askotariko 36 denda daude zerrenda horretan: Moor Surf Denda, Maiur, Pukas, Rochas, Itziar Oregi, Sara, Garoa, Jone, Rose’s, Zarautz Optika, Charanga, Lua, Leonce, Noah’s secret, Garmen, 310, Transit, Mentha y Chocolaet, Faylinn, Dody’s, Sueños, Manttangorri, Palacio del niño, Polita, Txirrinta, Chapucetti, Lolin, Ganbara, Urquia, Makazaga lurrindegia, Mon Petit Paradis, Dulzia, Benetton, Eli Etxabe, Roimi eta Vulcano dendak, hain zuzen. Gau Zuria ez da izango, ordea, bezeroaren eta merkataritzaren arteko harremana estutzeko egitasmo bakarra. Murkilek urtean zehar hainbat ekintza antolatu ohi ditu horretarako. Zentzu horretan, Azkuek gogoratu du hilero bi lagunentzako afari bat zozkatzen dutela elkarteko dendetan Murkil txartela erabiliz erosketak egiten dituztenen artean. Halaber, udaro legez, abuztuaren 21etik 24ra Stock Azoka egingo dute itsas pasealekuan. Murkilek antolatzen dituen gainontzeko ekintzen antzera, Gau Zuriak ere arrakasta eta jarraitasuna izatea espero dute Azkuek, Gomez Valadesek eta Urtiagak. «Ekintza berritzailea da, eta ilusio handiarekin heldu diogu. Espero dugu bezeroen aldetik ongi etorria izatea», nabarmendu du Urtiagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide