Gipuzkoako aizkorako txapela Mikel Larrañaga azpeitiarrak lortu du

Nerea Uranga 2014ko uzt. 28a, 11:55

Mikel Larrañaga Gipuzkoako Aizkorako Lehen Mailako Txapelketako finalean, Mendaron (Ibon Errazu). Larunbatean, Mendaron, Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketa jokatu zuten bost aizkolarik. Mikel Larrañaga azpeitiarrarentzako izan da txapela. Honek 34 minutu eta 25 segundon egin zuen lana. Bigarrenak, Joxemari Olasagastik, 35 minutu eta 34 segundo behar izan zituen lana bukatzeko. Gustura da Larrañaga egindakoarekin, "pixka bat ezustekoa izan da. Ahal nuena egitera joan nintzen, eta ondo irten zidan", esan dio HITZAri. Lana nahi bezain ondo ez zuen hasi, baina gero aurrea hartuz joan zen: "Aurreneko egurrean azkena hasi nintzen, baina gero pixkanaka erritmoa hartzen joan, eta aurrea hartu nuen, eta beti aurretik errazago joaten da". Olasagastiren aurretik egin du. "Zahartzen ari delako izango da, bestela haren aurretik egitea ez baita erraza", esan du azpeitiarrak. Gipuzkoako txapelketa bukatuta Euskal Herrikoa dute orain egiteko, "urria edo azaroan izango dela diote", esan du Larrañagak. Bitartean, abuztuan eta irailean erakustaldiak ditu herriz herri, eta Euskal Herrikoa prestatzeko balioko diete: "Etxean bakarrik baino gehiago egiten da erakustaldietan, eta entrenamendu bezala ere balio dute". Gipuzkoako aizkorako lehen mailako txapelketako sailkapena: 1- Mikel Larrañaga: 34 minutu eta 25 segundo. 2- Joxemari Olasagasti: 35 minutu eta 34 segundo. 3- Iñaki Azurmendi: 37 minutu eta 13 segundo. 4- Joseba Otaegi: 38 minutu eta 25 segundo. 5. Uñai Otaño: Lanean hasi orduko zaintiratua izan zuen, eta bigarren enborrean txapelketa utzi zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide