Salberdin eremuak gaur egun duen itxura (Aritz Mutiozabal/Hitza).
Zarauzko udal gobernuak jakinarazi du Salberdingo Plana berrabiarazteko neurriak hartu dituela. Hain zuzen, plan horren barruko UJP Urbanizatzeko Jarduketa Programa berria idazten hasi dira dagoeneko. Obrak egiteko programa, horretarako faseak eta epeak zehazten, alegia. Injelan SL enpresa eta Juan Mari Arrue, Ana Jauregi eta Miguel Gezuraga abokatuak ari dira arduratzen horretaz; ekainean adjudikatu zien udal gobernuak lan hori. Horiek hiru hilabeteko epean amaituko dutela aurreikusi dute, urrirako, zehazki. 17.500 euro gehi BEZ kostako du.
Salberdinen, guztira, 1.000 etxebizitzatik gora eraikiko dituzte, duela urte batzuk aurreikusi bezala. Horietatik 520 libreak izango dira, 235 etxe babes ofizialekoak, beste 235 udalak berak tasatuak, eta gainontzeko 55 etxebizitzak tasatu orokorrak.
Urbanizatzeko Jarduketa Programak lau fase autonomo izango ditu. Lehenbizko fasean Bizkaia kalea urbanizatuko da, Igerain erreka berreskuratu, eta etxebizitza gehienak eraiki; «proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko adina etxe libre» egingo dituzte. Halaber, kutsatuta egon daitezken lur saileei ere arreta berezia eskainiko diote. Baita planaren ondorioz lekuz aldatu beharko duten bizilagunei eta bertan jarduera ekonomikoa dutenei ere, haiei berriz ostatu emateko. Konpentsazioa «orekatua» izango da, eta proiektuaren exekuzioaren arabera egingo dute.
Plan «estrategikoa»
EAJk eta PSE-EEk Salberdingo garapen urbanistikoari berrekiteko eskatu zioten udal gobernuari maiatzeko osoko bilkuran, mozio bidez. EAJk eta PSE-EEk EH Bildu obrekin lehenbailehen hasteko tramite guztiak egiteko exijitu zuten, besteak beste, urbanizazio eta birpartzelazio proiektua idazteko eta UJPa eguneratzeko. Mariana Aranburu Ezker Anitzako zinegotziak zarauztarrentzat proiektu «garrantzitsua» dela nabarmendu zuen, eta udal gobernuak «ausartagoa» izan beharko lukeela. Polikulturala bertan behera geratuta, gune horretan zer egin berraztertu behar dela adierazi zuen, eta esparru libreak handitzearen alde dagoela. «Edozein kasutan, urratsak eman behar dira, eta birgaitzea martxan jarri». Patxi Elola PSE-EEko bozeramaileak proiektua «estrategikoa» dela esan zuen, eta «beharrezkoa» dela hori garatzea. Alderdi guztiek babestu zuten eskaera.
EH Bilduk azaldu du aurreko legegintzaldian onartu zela UJPa, 2011ko maiatzaren 26an. Horren oinarriak—hiritartze eta birpatzelazio egitasmoak— betetzea egun ez dela posible nabarmendu du, eta horregatik aldatu behar izan dutela Urbanizatzeko Jarduketa Programa: «Lehengo UJParen arabera, bertako lurjabeek oraindik ere osatzeko duten batzordera dirua bideratu beharko lukete dagoeneko. Krisi ekonomikoaren eraginez enpresek euren jarduerari eusteko nahiko lan dutela ulertuta, zentzugabekeria litzateke diru hori jartzera behartzea». Ekarpenak, lekualdatzeagatiko konpentsazioak bezala, faseen arabera egin beharko dituzte bertako lurjabeek.
Udal gobernuak jakinarazi du aldaketa horiek egiteko inplikatuekin harremanetan egon dela, besteak beste, bizilagunekin, tokiko enpresa jabeekin, langileen ordezkariekin, gaztetxekoekin eta lurjabe handiekin.