Musika Elikatu lehiaketara mundu osoko 600 musikagile baino gehiago aurkeztu dira, eta horietatik 50 aukeratu ditu epaimahaiak finalerako. 50 horien artean dago Jagoba Astiazaran musikari zestoarra. Expo Milan 2015ean, Italiako pabilioian joko den obra 50 horiek aurkeztuko dituztenetatik aterako da. Beraz, eta «itxaropen handirik ez» badu ere, «oso gustura» da Astiazaran lortutakoarekin.
Donostiako Musikene kontserbatorioan goi-mailako konposizio ikasketak amaitzen ari da Astiazaran. Irakasle batek bidalitako mezu elketroniko baten bitartez izan zuen lehiaketaren berri. «Hasieran ez nion kasu handirik egin, baina oinarriak irakurtzean ikusi nuen ez zela ezer berezirik egin behar, nahikoa zela zeneukan lan bat bidaltzea», azaldu du; «beraz, eginda nituenen artean txukunena aukeratu, eta bidali egin nuen».
Uztailaren 14an izan zuen albistearen berri: «Banekien egun horretan jarri behar zutela zerrenda eta, emailik jaso ez nuenez, besterik gabe ezagunik ba ote zen begiratzera sartu nintzen». Alfabetikoki ordenatuta zeuden, izenaren arabera, eta J hizkira iristean topatu zuen, bai, ezagun baten izena: berea, hain zuzen. «Harriduraz hartu nuen, hemengo lehiaketetara aurkeztu izan banaiz ere, lehen aldia baitzen nazioarteko lehiaketa batera aurkezten nintzena», azaldu du musikariak. Gero ikusi zuen antolatzaileen mezua spam-en karpetara joan zitzaiola, zakarrontzira, alegia.
Obra berri bat egin behar
Urtarrilaren 31ra arteko epea eman diete orain finalistei sariaren hautagaitzarako obra berri bat idazteko. «Idazterakoan kontuan hartu behar dugu Expo 2015eko Italiako pabilioian joko dela, eta ensamble profesional batek joko duela, baita Expoaren gaia bera kontuan izanda ere», dio. Lurra elikatzea, bizitzarentzat indarra da datorren urteko erakusketa unibertsalaren gaia.
Behin 50 lanak jasota, Milanera bidaiatu beharko dute finalista guztiek. Maiatzetik uztailera bitartean 3-4 eguneko epea izango du musikari bakoitzak Expoan ariko den ensamblearekin obra lantzeko. Bestetik, orkestra horiek lau kontzertu desberdinetan lau aldiz joko dute obra bakoitza, eta horietan egongo den epaimahaiak aukeratuko du obra irabazlea.
15.000 euroko saria irabaztea ez dago Astiazaranen helburuetan. «Esango nuke hori ez dela nire liga; nire liga hona iristea zen, mundu mailako lehiaketa bat da, parte hartzen dudan lehen aldia da, eta horra iristea jada asko da». Espainiako bi finalisten lanak soilik entzutera ausartu omen da: «Nire obrak Donostian eta Bilbon jotakoak badira, haienak New Yorken edo Parisen jotakoak dira, atera kontuak». Lehiaketarekin baino gehiago, biziko duen esperientziarekin pentsatzen du orain Astiazaranek: «Nazioarte mailan zerbait egiten dudan lehen aldia izango da, ensemble profesional batekin ariko naiz, eta ondo etorriko da ate batzuk zabaltzeko. Horrekin jada oso gustura nago».