Tali Feld Gleiser: "Genozidio planifikatua da Israel Palestinan egiten ari dena"

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 25a

Desacato.info hedabide brasildarreko eta Losotrosjudios.com blogeko zuzendaria da Tali Feld Gleiser Palestinaren aldeko militantea (Santiago, Txile, 1970). Ez du bere burua judutzat, baina jatorri judutarra du. Palestinan eta Israelen izan berri da, lagunak eta familia bisitatzen, baina hiru kolono gaztetxoren hilketak eta Gazaren aurkako erasoak zirela-eta, nahi baino lehenago atera behar izan du, eta Azkoitian dago egunotan. Txilen jaioa, Alemanian bizi izan zen umetan, baina urtebete bakarrik egin zuten han. «Aitarentzat oso zaila izan zen, uste zuelako adin batetik aurrerako gizon guztiak naziak izan zitezkeela». Gaztetxoa zela Argentinara lekualdatu ziren, eta han egin zituen gainontzeko ikasketak. «Ikastetxe judu batean ibili nintzen, laikoa zen, baina sionista. Beste ikastetxeak ez ziren horren juduak, baina ingurua hori nuen». 1992an Brasilera joan zen bizitzera, eta pixkanaka «beste historia bat» zegoela ohartu zen. «Palestinaren historia eta Israelgo Estatua nola sortu zen ezagutzen hasi, eta shock izugarria izan zen. Uste dut bizitzako lehenengo etsipena izan zela. Mundu mailan, historia jakin bat kontatzeko prest dagoen sistema bat dago», dio. Zer dela eta zaude Azkoitian? Koldo Campos [idazle azkoitiarra] aspalditik ezagutzen dut, eta dagoeneko hiru aldiz egon naiz Azkoitian. Hasiera batean abuztuaren 20an etorri behar nuen, baina Israelgo Estatuaren indarkeriak ez dit utzi Zisjordanian geratzen, Israelen familia badut ere. Nire asmoa zen egun batzuetan familia bisitatu eta Zisjordaniara joatea, han lagunak ditudalako. Gaza erasotzen hasi baino lehen, gertaera erabakigarri bat gertatu zen: hiru kolono bahitu eta hilda aurkitu zituzten. Gaur arte ez dakigu nork hil zituzten. Horrek eragin du indarkeria olatu guztia. Beraz, Israelgo zatira joan nedin aholkatu zidaten, segurtasun arrazoiengatik, eta egun batzuetarako hara joatea erabaki nuen. Oso triste joan nintzen, ez nekielako itzuli ahal izango nuen. Familia batekin egon nintzen Palestinan, eta haien arazoekin hogeita lau orduz bizitzeak halako lotura berezia sortu zidan. Israelgo eremuan geratzeak esan nahi du ez dagokizun ura erabiltzen ari zarela, palestinarrei lapurtutakoa delako. Eta hori gauza guztiekin gertatzen da; bizitza normal bat egiten duzu. Israelgo familiak oso ondo hartu ninduen, baina uneoro beraien azalpenak entzun behar nituen. Koldori deitu, eta hona etorri nintzen. Nolakoa izan da azken bisitaldia? Batetik, erraza izan da, familiako beste bat bezala hartu nautelako Palestinan. Oso esker onekoak dira euren egoera zabaltzera joaten diren jendearekin. Hau egiten dut uste dudalako badagoela kontatu beharreko beste historia bat, engainatu egiten gaituztelako. Palestinatik alde egitean familiako ama haserretu zitzaidan, denbora gehiagorako joan nintzelako. Sarekadak eta soldaduak leku guztietan ikusteak guztiz ohikoak dira haientzat, eta Palestinan egon naizenean ikasi dut ezin dela planik egin. Etxetik irtetean ez dakizu herriko sarrera itxita egongo al den, soldaduek hori nahi izan dutelako. Kolonoek arazo ugari sortzen dituzte, eta oso gogorra da egunerokotasuna. Dena den, nik ez dut arazorik izan batetik bestera joateko. Zure familia Israelen bizi da. Nola bizi du gatazka? Hasierara joan nahiko nuke aurrena. Israelen estatuak sorreratik arazo bat dauka. Holokausto garaian, ideologia sionistak nonbaiten kokatzea zuen helburu; izan zitekeen Palestina, Uganda edo Argentina. Juduentzako herrialde bat nahi zuten. Israel aukeratu zuten, arrazoitzeko modu errazena hura zutelako, Bibliarengatik. Jendea bizi zen leku batera joan ziren, beraiek hori ukatzen badute ere. Orain badakigu gezurra dela hori, ekintza terroristen bidez kanporatu baitzituzten palestinarrak. Estatu bat horrela eraikitzea ez da zilegi. Beraz, hortik aurrerako guztia ere ez da zilegi. Nire senideak adeikorrak dira nirekin, baina noren alde nagoen jakiten dutenean, arazoak izaten  ditut gehienekin. Historian zehar egin dieten buru-jatearen parte dira. Erasotuta sentitzen dira. Mendeetan jazarrita egon direla diote behin eta berriz, hori da euren arrazoia. Beti dira biktimak. Palestinarrak, berriz, terroristak dira. Baina, nola errespetatuko dituzu zure okupatzaileak? Ezinezkoa da hori. Palestinarrek, ordea, ez dute arazorik pertsonekin, entitate sionistarekin baizik. Muturreko jarrerak hazten ari dira azkenaldian. Israel laikoagoa zen lehen. Kibutz batean— Israelgo nekazarien komunak— egon nintzenean, erlijiosoek ez zuten horrenbesteko botererik, baina kolonoek, denborak eta Europaren islak muturreko jarrerak eta ultraerlijiosoak boterea hartzea eragin dute. Israel eta Palestina ezagutzen dituzu. Nola bizi dira batean eta bestean? Israelen jendea lanera joaten da, bizitza familiarra du, gutxi gorabehera epe motzeko etorkizuna planifikatu dezake, normalean klase ertainekoak dira, eta ez zaie ezer falta. Baina, badakite, une batean erasotu ahal izango dituztela. Hori oso barneratuta dute. Horrez gain, soldaduska egitea derrigorrezkoa dute. Nire lehengusu batek uko egin zion soldaduska egiteari, baina horrek ondorio batzuk izan ditzake: kartzelara bidali edo pasaportea kendu diezazukete. Gero eta gehiagok egiten diote uko soldaduskara joateari. Eta Palestinan, zer? Lanera beste herri batera joan behar baduzu, ez dakizu irten ahal izango duzun, beharbada ateak itxita daudelako. Soldaduen umorearen araberakoa da hori. Kontrolak eta sarekadak egunerokoak dira, eta atxilotu eta kartzelara bidali zaitzakete sei hilabetetarako, akusaziorik gabe. Ondoren, zigorra berritzen joaten dira, gainera. Kontrolen eraginez, berrogei minututan egin dezakezun biderako bi ordu behar dituzu. Asko pobreak dira, eta langabezia handia dago. Batzuetan, gainera, ez dakizu ordainsaririk izango  duzun. Sendagaiak, berriz, oso garestiak dira. Era berean, lurrak kentzen dizkiete, eta uzta hondatu. Gero eta garestiago daukate bizitza, eta zaila dute ordaintzea. Okupazioa negozioa ere bada. Argia eta ura, esaterako, Israelgo enpresek daramate. Argia kontsumitu baino lehen ordaintzen dute, eta gastatutakoan argia joaten da. Israelgo enpresa batek eramaten du hori. Uraren kasuan, baliteke urik ez edukitzea, garaiaren arabera. Azkenekoz egon naizen etxean, esaterako, telebista zahar bat, ordenagailua, bonbilak eta hozkailua zituzten. Hala ere, guztiek laguntzen dute elkar, naturalki egiten dute. Beit Ummar herrian egon naiz, eta han emakumeak unibertsitatera joaten dira. Gertatzen denari buruzko behar bezalako informaziorik iristen al zaigu? Informazioa iristen da, baina ez masiboki, ezta komunikabide tradizionaletatik ere. Sare sozialen bidez zabaltzen da benetan gertatzen ari dena. Baina benetan ba al dakigu gertatzen ari dena? Oro har, ez behar den bezala. Komunikabide masiboak alde baten alde daude. Esaterako, bonbardaketa batean, biktima palestinarrak erakutsi ordez soldaduak agertzen dira negarrez. Biktimen gaia ere erakusgarria da; hildakoen %20 umeak dira. Horiek terroristak al dira? Zehaztasuna aipatzen dute israeldarrek, esanez badakitela nor hiltzen ari diren. Baina badakigu hori gezurra dela, zibilen aurka ari direlako egiten. Dagoeneko bi ospitale erasotu dituzte, gaixoak barruan zeudela. Zer da gertatzen ari den hori, eta guk ez dakiguna? Gaza Madrilen erdia da, 1.800.000 biztanle ditu. Koheteak zibilak dauden leku batean gorde beharko dituzte, beraz, ez dagoelako edukitzeko tokirik. Erresistentzia mota desberdinak daude, baina orain guztiak batuta daude, egiten ari direna sarraski bat delako. Tartean behin, Gaza erasotzen dute, masiboki. Genozidio planifikatua da, sionismoak ez duelako lekurik palestinar herria desagertzen ez bada. Sionistentzat, haiek Israelgo Estatua ulertzen duten moduan, ez dago bi herrientzako lekurik. Israelgo biztanleen %20k baino gehiagok jatorri arabiarra edo palestinarra badu ere, Israelentzat beste palestinar guztiak ez dira bateragarriak. Gero eta muturragokoak direnez, lurralde gehiago eduki nahi dute. Nola egiten dute hori? Jendea kanporatuz eta hilez. Eta nora joan behar dute, herrialde arabe guztietan baldin badaude errefuxiatuak. Azken hauek al dira orain arteko eraso larrienak? Hala ematen du. Eraso hauek  arma ezezagunak probatzeko ere erabiltzen dituzte, eta oraingoan ere hitz egin da fosforo zuriaz. Guztiok dakigu gerrak beste ororen gainetik negozioak direla, okupazioa negozioa den bezala. Ez dakigu erasoen tamaina zein den, baina Israelen jomugak ikusita— ez zaie inporta eskolak edo ospitaleak izan—, esan genezake orain arteko beldurgarrienak direla. Mundua isilik al dago gertatzen ari denaren inguruan? Ez dakit jendeak ez al duen ikusi nahi. Konplexua da, judu-sionismoa oso sartuta dagoelako estamentuetan. Baina arazoa oso handia da, eta palestinarren beharrak premiazkoak dira. Laguntzak azkarragoa izan beharko luke, baina interes asko daude, ekonomikoak, esaterako. Herrialde batzuetan komunikabideak ere juduen esku daude, sionistak dira. Uste dut egun bizi garen sistema kapitalistaren lagungarri direla horiek. Sistema kapitalistarik gabe, hau ezingo litzateke gertatu. Sionismoa kapitalismoa da, garai batean jatorri sozialista zutela esaten bazuten ere. Hori ezinezkoa da, sozialista den inork ez duelako inbadituko lurralde bat. Oso konplexua da. Boterea Israelen alde dago. Zein da nazioartearen papera? AEBek Israel presionatzen ez badute, zaila daukate. Latioamerikan, esaterako, Venezuela, Argentina, Brasil, Bolivia... manifestatu dira, eta Kubak 70eko hamarkadatik ez du harreman diplomatikorik Israelekin. Hegoafrikak ere enbaxadoreak erretiratu zituen. Manifestazio ugari ere egin dituzte hainbat herrialdetan, baina agian Europan ahaztu egin dira 2003an Iraken aurkako inbasioa gaitzesteko kalera atera zirela. Beharbada, gutxien babesten den herria da Palestina. Zoritxarrez, herrialde arabiar gutxi posizionatu dira Estatu bezala. Arabiar Ligak oraindik ez du ezer esan. Nazio Batuen Erakundea (NBE) mintzatu da. Eskatu du erasoak geratu eta su-etena lortzea, baina maila berean jartzen dituzte Israel eta Palestina. Irsaelek armada du, munduko indartsuena, eta propagandako tresnak ere halakoak ditu. Palestinak ez du armadarik, ezta behar bezalako azpiegiturarik ere. Estatu bat ere ez da, pentsa. Okupatuta dago, gainera, eta beraz, ezin dira parean jarri. Gaza, teorian, ez dago okupatuta, baina itotako eta blokeatutako lurraldea da, eta hori okupazioaren beste forma bat da. Zure ustez, non dago konponbidea? Uste dut itzulera eskubidea aitortzen duen estatu batek egon beharko lukeela. Israelen asko horren kontra daude, esaten dutelako ezin dela atzera itzuli. Baina nonbaiten hasi behar da, nire ustez. Ez da erraza, baina justizia lortzeko modu bakarra izango litzateke. Bakea ezin da besterik gabe eskatu, bakeak justua izan behar du, kaltetuek euren ordaina jaso dezatela. Eta ordaintzetako modu bat da herrira itzultzeko eskubidea izatea. Palestinar batzuk uste dute israeldarrek joan egin behar dutela, eurak direlako kolonizatzaileak. Ulertzen ditut, baina hori ez da gertatuko. Israeldarren zati oso txiki batek besterik ez du nahi hori. Israelgo telebista kate batek plazaratutako inkesta baten arabera, biztanleen %73 su-etenaren aurka dago. Herritarrek zer egin dezakete? Informatu egin behar dugu, eta jendeari esan behar diogu benetan zer ari den gertatzen, pentsarazi egin behar dugu. Manifestazioak eta elkarretaratzeak ere egiten dira, Euskal Herrian asko gainera. Beraz, zentzu horretan herritarrek ez dute aitzakiarik. Sare sozialetatik iristen den informazioa irakurtzea aholkatzen dut, ez kate ofizialetatik jasotzen duguna. Informazioa Internetez bakarrik zabaltzeaz nekatu egin nintzen, eta horregatik joan nintzen Palestinara. Uste dut egin dezakedan guztia egiten ari naizela. Ez zuen zentzurik han geratzeak, arrisku hori pasatzeak. Israelen egin nezakeen lana hemen egin dezaket. Gutxi eta asko da aldi berean, palestinarrek ez dutelako ahotsik. Enpresa israeldarrei eta han inbertitzen dutenei boikota egitea ere aukera eraginkorra da. Oso erraza da Interneten bilatzea zein diren enpresa horiek. Erosketak egitean, barra-kodea begiratu eta  729 zenbakiarekin hasten bada, Israelen egindakoa da. Israelen eta bere kolonietan inbertitzen duten enpresak erretiratu daitezen eskatzen dugu. Era berean, ez dugu ahaztu behar boikot kulturalaz. Noa musikaria, esaterako, izugarri gustatzen zait, eta mina ematen dit, baina protesta egin behar da, horiek ere propaganda sinonistaren ikur direlako. Eurei ere jakinarazi egin behar zaie ez ditugula kontsumitzen. Blog bat duzu, Los otros judios. Zein dira beste judu horiek? Gazaren aurkako aurreko erasoaldian izan nuen bloga zabaltzeko ideia. Blogaren bidez, Israelgo Estatuarekin ados ez dauden juduak badaudela erakutsi nahi dut. Hasieran, juduen idatziak bakarrik nahi nituen plazaratu, baina ikusi nuen ez zidala askorako emango. Argentinan bizi den kazetari bati proposatu nion, eta biok hasi ginen. Eraginkorrena sare sozialak dira, eta jende askorengana iritsi gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide