Iñaki Osa Goikoetxea: "Finaletara iristea da hemen garrantzitsuena"

Aritz Mutiozabal 2014ko uztailaren 25a

[caption id="attachment_54307" align="aligncenter" width="300"]Iñaki Osa Goikoetxea garaikurrarekin. Iñaki Osa Goikoetxea.[/caption] [Sasoian.info] Torneoz torneo dabil Iñaki Osa Goikoetxea (Zumaia, 1980) puntista. Halaxe aritzen da uda partean, Miamitik (AEB) Euskal Herrira itzultzen denean. Aurten, Euskal Pilota Federazioaren egitasmoarekin bat egin du, beste hainbat pilotarirekin batera, eta federazioak antolatutako zirkuitua jokatzen ari da. Bihar zirkuituko bigarren txapelketako finala jokatuko du Mutrikuko Miruaitz frontoian, Manex Urtasun lagun duela, Hormaetxea-Irastorzaren aurka. Udako hirugarren finala jokatuko duzu bihar Mutrikun. Aurreko bietan, Donibane Lohizunen eta Markinan, galdu egin zenuen. Hirugarrengoan asmatzeko prest? Hori ez dago jakiterik. Finala partida bakar batera izanda, edozer gertatu daiteke. Momentuz, gogotsu joango gara jokatzera. Ahalik eta erakustaldi politena eskaini eta ikuslea gustura uztea da gure helburua. Ondoren, garaipena lortzen badugu, bada, askoz hobeto. Aurreko bi finaletan Imanol Lopez herrikidea izan zenuen aurkari. Oraingoan, Hormaetxeak eta Irastorzak osatutako bikoa izango da. Hormaetxeak maila ona eman zuen Markinako finalean, eta jakin badakigu Irastorzak zer-nolako jokoa duen. Hori guztia kontuan izanda, izerdia gogotik bota beharko dugu kantxan emaitza on bat lortu nahi badugu. Aukeran, nahiago al zenuen Lopezen aurka jokatu eta arantza kendu? Ez, ez dut halako sentipenik. Finaletara iristea da hemen garrantzitsuena, eta behin iritsitakoan, ahalik eta emaitzik onena lortzea. Beti izaten da polita txapela janztea, baina heltzea bakarrik ere ez da gutxi. Lan asko egin behar izaten da aurreko partidetan, finalerdietan, eta, egia esan, oso gustura nago finalera sailkatu naizelako. Baina, agian, zaletuek Lopezen aurka ikusi nahi zintuzten berriro ere? Azken finean, zuek biok zarete une honetan munduko espezialistarik onenetakoak, ezta? Zaletuek zer nahi duten ezingo nizuke erantzun. Egia da Lopez oso une onean dagoela eta hari partida bat irabaztea benetan zaila dela, oso ongi moldatzen baita kantxan. Hala eta guztiz ere, ezin dugu ahaztu Irastorzak ere maila handia duela. Nahiz eta beterano samarra izan, kontuz lehiatu behar da haren aurka. Beste final batera ere iritsi zara, Pauko torneokora. Kasu honetan, Lopezekin berarekin bikotea osatuz. Abuztuaren 1ean jokatuko dugu finala. Oraindik ez dakigu nortzuk izango ditugun aurkari, bigarren finalerdia gaur jokatuko dutelako. Finalerdi horretako faborito nagusiak Beaskoetxea eta Irastorza dira, baina Olharan eta Alliez bertakoak izanda, harmailak haien alde ariko dira. Norgehiagoka interesgarria izango da, baina finalean Irastorza-Beaskoetxearen aurka ariko garela iruditzen zait.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide