Igarategi industria eremuko estolderian aldaketak egingo dituzte

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 24a

Getariako Igarategi industriaguneko estolderia herriko hoditeriarekin lotuko dute. Urtebeteko epean herriko saneamenduan  hiru lan garrantzitsu aurrikusita ditu Udalak eta horietatik bigarrena izango da Igarategi industriagunean egingo dena. Gabonen inguruan Balentziaga eta Erruera kaleen arteko estolderia berritu zuten eta hirugarren lana Autobus geltokiaren inguruan egingo da. Azken urteetan uren tratamenduen legediak aldaketak izan ditu eta eskakizun berriak zehaztu dituzte bertan, ondorioz arautegi berrira egokitu behar izan dituzte hainbat eremu. Igarategi industriaguneko arazoaren larritasunaz ohartuta Getariako Udala, Gipuzkoako Urak erakundea eta Igarategiko Konpentsazio Batzordea adostasunera iritsi dira eta hiruren artean ordainduko dituzte lanen kostuak. Saneamendu lanen aurrekontua 113.650 eurokoa izango da eta lanak egiteko 12 asteko epea izango dute. Lanak bukatutakoan Getariako Udalaren esku geratuko da industriagunea. Getariako Udalak eskerrak eman nahi dizkie gainontzeko erakundeei «akordioa bilatzeko egindako ahaleginagatik». Udalaren aurreikuspenen arabera, urte amaierarako herri osoko saneamendua %80 batean konponduta egongo da, euri urak eta ur zikinak egoki banatuta alegia. «Lurrazpian geratzen diren lanak izan arrren, garrantzi handiko lanak dira gure ustez; horregatik aurten bultzada handia eman nahi diogu gai honi» azaldu dute Udaletik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide