Metalgintzako Gipuzkoako Lan Hitzarmenaren negoziazioan Adegiren jarrera salatu du LABek

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko uztailaren 24a

Urola Kostako LAB-eko metalgintzako ordezkariek Zumaian agerraldia egin dute gaur. (Egilea: Aiora Larrañaga) Urola Kostako LAB sindikatuak agerraldia egin du gaur eguerdian Zumaian, metalgintzan Gipuzkoa mailako lan hitzarmenaren beharra aldarrikatzeko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenarako eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapiaren herrian bildu dira langileak metalgintzako Gipuzkoako Lan Hitzarmenaren auzian Eusko Jaurlaritza izaten ari den pasibitatea salatzeko. "Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmena lurraldeko enpresa guztietan lan baldintzak negoziatzeko oinarria da, eta langile guztiei lan baldintza duinak eman dizkie lan egiten duten enpresako tamainari erreparatu gabe. Gainera, lurralde osoari gizarte kohesioa ere ematen dio", azaldu dute eskualdeko LAB sindikatuko ordezkariek. Uztailaren 7an Espainiako  Gobernuak sustatu duen Lan Erreforma indarrean jarri zen eta horrek metalgintzako langileen egoera okertuko duela salatu dute. "Lan orduak igotzea, malgutasun erraldoiak aplikatzea eta lan baldintzak okertzea eguneroko ogia bihurtzen ari da" azaldu dute eta horrela Gipuzkoa osoa "pobreziara eta prekaritatera" kondenatuko dute. Urola Kostako LAB-etik Adegi Gipuzkoako Lan Hitzarmenaren negoziazioan hartzen ari den jarrera salatu dute. "Epaitegi Gorenak erabakia hartu bitartean hitzarmena ez duela negoziatuko iragarri zuen Adegik ekainaren 9an. Arduragabekeria dela uste dugu, arazoa borondate kontua baita. Kolektibotasunarekin hautsi eta lan harremanetarako eredu indibidualista inposatu nahi dute". Gainera, nabarmendu dute Adegik metalgintzan ukatzen duena grafikagintza sinatu duela eta Adegiko lehendakari Peio Gibaldek bere enpresan sinatu duela "gainontzeko gipuzkoarroi eman nahi ez diguna". Adegiren jarreraren aurrean eskuak gurutzatuta ezin dela geratu eta "konpromezuak hartzeko garaia" dela aldarrikatu dute. "Horregatik, LAB-eko kideok  azken bi urteotan etengabeko mobilizaziotan ibili gara". Metalgintzako Gipuzkoa mailako hitzarmena arazo politikoa dela uste dute langileek eta irailetik aurrera mobilizazioei ekingo diote Urola Kostako LABeko kideek lan hitzarmena defendatu eta Lan Erreformaren aurka. Lehenengo elkarretaratzea irailaren 4an Azpeitiko plazan egingo dute eta ordutik hileko lehen ostegunetan bilduko dira LAB-eko kideak eskualdeko herri desberdinetan. "Gure ekimenek ez dute etenik izango".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide