Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mozioa erregistratu du dagoeneko Zarauzko EAJ udal taldeak. Horren bidez, Juan Luis Illarramendi alkateari eskatuko dio udaleko domeinuak .eus bezala erregistratu, aktibatu eta ikusgarri egiteko urratsak emateko. Izan ere, domeinu hori abenduaren 3rako aktibatuta egotea nahi du EAJk, Euskararen Egunerako, alegia. Halaber, udaleko webguneez gain, Udal Gobernuak herriko norbanako, elkarte, talde, eragile zein enpresak eurenak ere .eus domeinura alda ditzaten animatzeko eskatu dute alderdi jeltzaleko ordezkariek mozio horren bidez. "Euskararen normalizaziorako inguruan ditugun baliabide eta tresna guztiak baliatu behar ditugu", nabarmendu du Imanol Lasak: " .eus gizarteratzen laguntzea herri erakundeen eginbeharra ere bada". Gaineratu du "euskaldunon komunitatea trinkotzea ezinbesteko pausoa" dela hizkuntzaren erabilera areagotzeko. Azken inkesten arabera, euskaldunen kopuru altuena hiri handietan ematen dela jakinarazi du, eta horrek "zailtasun handiagoak" sortzen dituela euskaldunen arteko harremanak sendotzeko. Lasaren arabera, biztanleria altua izanda, sakabanaketa ere handiagoa delako.
Horren aurrean, .eus domeinua aktibatzeak lagunduko duela adierazi du Lasak: "Zalantzarik gabe, bai komunitate birtuala, baita erreala ere, elkartzen, are gehiago, sare sozialek hartu duten indarra ikusita". Datorren asteazkeneko, hilaren 30eko udal batzarrean eztabaidatuko dute EAJren eskaera. Halaber, Iratxe Esnaola zarauztarrak proiektuaren barruan egindako lan eskerga goraipatu du Lasak.