Erraustea, "amesgaiztoa"

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 24a

Azkoitiko Jauregi baserriaren ondoan erraustegia egon zen. Argazkian, baserriko Pello Eizagirre (Ane Olaizola/Hitza) Zabortegiak gainezka daude, eta jakinekoa da hondakina birziklatu ezean, errauste plantak beharko direla. Zaborra erretzea, ordea, ez da gaur egungo kontua. Zabortegiak sortu aurretik, herrietako hondakin gehiena erre egiten zen, baserrietan eta errausteko gune txikietan. Baina, nork nahi du errauste planta bat bere etxean ondoan? Azkoitiko Izarraitz auzoko Jauregi baserrikoek ondo baino hobeto dakite zer den etxe alboan hondakinak erraustea. 1969tik 1980ko hamarkadara bitartean bi errausketa-labe egon ziren martxan Azkoitian; hain zuzen, euren etxetik metro gutxira erretzen ziren herriko hondakin guztiak. Jauregiko Pello eta Xabier Eizagirre anaiak mutil koskorrak ziren orduan, baina ondo gogoan dituzte urte haiek. «Amesgaizto bat izan zen». 1969ko udalaren txostenetan irakur daitekeenez, Azkoitiak «guztiz beharrezkoa» zuen errausketa-labe bat, «higiene eta estetika» arrazoiengatik. Ez zegoen beste gunerik herriko hondakinak uzteko, eta «urgentziaz» eraiki behar zela zeritzon, ordura arte Urola ibaira botatzen zituztelako hondakinak, eta salaketa bat baino gehiago jasota zuelako. Jauregi baserri ingurua eremu egokia zela iritzi zioten, herritik bi kilometrotara zegoelako, kamioientzako sarrera erraza zuelako eta errautsak ateratzeko malda handia zuelako. Udalak 1.500 metro koadro erosi zizkion familiari proiektua egiteko. Honakoa zen errauste-labeak egin behar zuena: goiko errepidetik kamioiak hondakin guztiak hustu eta laupabost diametrotako labera bota, han erre eta hautsa ateratzeko. Eizagirretarren aitak jardun zuen lanean erraustegi-labeak martxan jardun zuen urte guztietan, eta hasieratik akatsak eman zituela gogoratzen dute haren semeek: «Hondakin guztiak batera botatzen ziren, eta botilekin goraino bete eta kolapsatu egiten zen. Beraz, hiru hilabetez geldirik egon behar zuen labeak, hozten». Egunero lau kamioi inguru iristen zirela azaldu dute, eta labea geldirik zegoen bitartean, «hondakin guztiak beheko eremura batera bota, eta dena hantxe erretzen zuten». Urte «oso gogorrak» izan ziren familiarentzat, «beldurgarriak». «Usaina nazkagarria zen. Kalera jaisten ginenean ere jendeak antzeman egiten zigun usaina. Logeletaraino sartzen zen, eta bero egiten zuenean ezin genuen leihorik zabaldu. Askotan jaikitzen zen ama negarrez, itogarria zelako», dio Xabierrek. Usainaz gain, labe inguruetan eta euren etxean «milaka arratoi» egoten zirela oroitzen dute. «Arratoiak hiltzeko pozoi mota guztiak probatu zituzten, baina azkenerako immuneak bihurtu ziren. Gazteak eskopetarekin ere etortzen ziren hiltzera, baina tiro batekin ezkutatu eta berriro agertzen ziren. Etxean ere izugarriak pasatu genituen arratoiekin», dio Pellok. Osasuna eta bizipoza galduta Aitak urte luzeetan jardun zuen lanean, aurpegia babesteko zapi bat besterik ez zuela. «Ez zioten besterik eman. Pentsa, jaso genuen ordain bakarra hildako arratoiak jasotzeko poltsak izan ziren». Lan arriskutsua zen aitarena, eta sarritan erredurak jasaten zituen: «Labean pilatutako hondakinak husteko makilekin mugitu behar zuen. Batzuetan goiko hondakinak erori egiten ziren, eta beheko brasarekin jo eta suak irteten zuen alboko leihoetatik». Bi anaien esanetan, familia osoak galdu zuen «bizipoza». Aitak, berriz, osasuna. «Izugarrizko sasoia zuen, eta hemen galdu zuen guztia. Besoetako giharretatik operatu izan zuten». Esofagoko minbiziaren ondorioz hil zen. Lehenengo labea 1969an eraiki zuten, eta arrailak eragin zizkion beroak. Hura hondatu egin zenez, 1977an bigarren labea egin zuten, lehenengoaren ondoan. Hori ere hondatu egin zen, eta 1980ko hamarkadatik itxita egon zen. Hala ere, udalak 1991n aitortu zuen hondamendi egoeran, egiturak pitzadura handiak zituelako, eta ezin zelako konpondu. Baina hala ere ez zen amesgaiztoa amaitu familiarentzat. «Hondakinak Azpeitiko Lapatx zabortegira eraman behar zituzten berez, baina kamioia hona etortzen zen, hau gertuago zuelako, eta bertan botatzen zuen guztia». Eizagirre anaien esanetan, bi urtez jardun zuten horrela. «Ama hainbatetan etzan zen errepidean, kamioia pasatu ez zedin». Azkenean konpondu zuten hori ere, eta Pelloren ustez, familia «horren gogor jarri ez balitz, beharbada horrela jarraituko zuten». Eremua hesitu zutenean ere, ordea, jendea hara joaten zen euren hondakinak uztera: «Jendeak ordurako uste zuen hau zela zabortegia, eta garbigailuak eta halakoak uzten zituzten». Arrastoak, lur azpian Eremu aberatsa da errauste-labea zegoen ingurua, eta iturburuak ikus daitezke metro gutxira. 1993tik eizagirretarrenak dira lur horiek, beste lursail batzuekin egindako truke baten ondorioz. Hainbat zuhaitz mota dituzte landatuta orain, eta egin dituzten azterketek ebatzi dute gaur egun lurrak egoera onean daudela. Dena den, zuhur da Xabier: «Kutsatutakoa zuhaitzen fruituetan agertzen da, eta ez dakigu gaitza noiz harrapatu dezakeen». Egun, lurrez estalita daude labeak eta erretzeko erabiltzen zuten eremu osoa, baina haren arrastoak ikustea ez da zaila: «Beheko aldean, lurra mugituz gero, hondakinak ageri dira, erretakoak eta erre gabeak». Horien arabera, eremu kutsakorrena beheko aldean dago. Eizagirre anaiek ez dute ulertzen nola egin zitekeen halako proiektu bat eremu horretan. «Astakeriak egin dituzte, eta oraindik egiten jarraitzen dute». Horien ustez, jendeak kontzientziatu egin behar du hondakinen inguruan; «eztabaida handia dago hondakinen inguruan, baina inork ez du nahi bere herrian errauste planta bat».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide