Bi artisautza azoka zabalduko dituzte bihar Zarauzko Alde Zaharrean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko uztailaren 24a

Bi artisautza azoka egongo dira datozen egunetan Zarautzen. Munoa plazan jarriko dute bat, eta bestea Zigordia kaleko zabalgunean. Lehenbizikoa Gabiltza Gipuzkoako Artisau Elkarteak antolatu du laugarren urtez jarraian, eta bigarrena, berriz, Zarauzko Nahia Artisau Taldeak. Biek ala biek produktu eskaintza zabala eskainiko dute, guztiak artisauek sortuak. Bihartik aurrera Zarauzko Alde Zaharra artisautza lanen plaza bilakatuko da, hala. Zarauzko XVIV. Artisautza Azokaren barruan, guztira 28 postu jarriko dituzte Munoa plazan, eta Euskal Herriko zein atzerriko artisauek jarriko dituzte bertan askotariko produktuak salgai. Bitxiak, gozokiak, egurrezko elementuak, esmaltearekin egindakoak, beirazkoak etab.  Munoa ez da soilik salmentarako gunea izango, ordea. Ohiturari jarraituz, adin guztietako herritar zein bisitariei zuzendutako kontzertuak, tailerrak, emanaldiak eta erakusketak ere izango dira datozen hamar egunetan. Horren helburua azoka dinamizatzea eta herritarrak bertaratzera animatzea da.  Abuztuaren 3ra arte izango da zabalik azoka hori. Zarauzko artisauek antolatutakoak, ordea, hiru egun iraungo du: ostiraletik igandera. Bertan ere askotariko produktuz jositako postuak jarriko dituzte. Hasiera emateko, gainera, Patxi Santamaria aktoreak ikuskizuna eskainiko du, bihar. Munoako Artisautza Azokako egitaraua Uztailak 25, ostirala. - 11:00. Artisau Azokaren hasiera. - 12:30. Inaugurazio ofiziala. - 18:00. Lee Junior abeslariaren kontzertua. Uztailak 26, larunbata. - 12:30. Txotxongiloak, Ne me titeres pas taldearen eskutik. Uztailak 27, igandea. - 18:30. Txotxongiloak, Ne me titeres pas taldearen eskutik. Uztailak 28, astelehena. - 18:00-20:00. Liburuxka tolestuak sortzeko tailerra, Arantxa Pascualen eskutik. Uztailak 29, asteartea. - 18:00-20:00. Putz egindako beira erakusketa, Igor Obesoren eskutik. Uztailak 30, asteazkena. - 18:00-20:00. Zetan margolanak egiteko tailerra, Martina Menkeren eskutik. Uztailak 31, osteguna. - 18:00-20:00. Origami tailerra, Rafa Rodrigoren eskutik. Abuztuak 1, ostirala. - Egun osoan. Harri taila tailerra, Saul Ruizen eskutik. Abuztuak 2, larunbata. - 12:30. Txotxongiloak, Whit the Beatles taldearen eskutik. Abuztuak 3, igandea. - 18:30. Txotxongiloak, Whit the Beatles taldearen eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide