Oilasko biltzearekin hasiko dute festa Aian, Santio Errekan

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 24a

Aiako Santio Errekan gaur gauean hasiko dituzte Santio jaiak, Ai Ene! taldearen erromeriarekin. 23:00etan hasiko da musika, baina horrekin ez da bukatuko gaurkoa, segidan bailarako gazteak oilasko biltzera aterako baitira. Bihar, Santio Egunez, meza izango da 10:30ean, eta bukatutakoan auzoko adinekoentzako hamaiketakoa eskainiko dute. Eguerdi aldera, berriz, herri-kiroletako erakustaldia egingo dute: aizkoran, Ernesto Ezpeleta Bihurri-k eta bere seme Hodei Ezpeletak; eta, harrijasotzen, Joseba eta Udane Ostolaza aita-alabak, Aimar Galarragak eta Jokin Eizmendik. Bertso saio dotorea Bihar, 22:30ean, berriz, bertso saio bat eskainiko dute. Andoni Egaña gai-jartzaile lanetan ariko da bertan. Santio Errekan bertsotan ondorengoak ariko dira: Anjel Mari Peñagarikano, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus. Hauen lana bukatu ostean, Santio Eguna bukatzeko Kupela taldearekin erromeria izango da. Etzi ere izango da zer ospatua auzoan. 10:30ean meza egongo da, eta hori bukatutakoan haurrentzako jolasak egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, mus txapelketa jokatuko dute, 16:00etan hasita. Gauerako, berriz, Abiba DJaren emanaldia antolatu dute auzokoek. Santio jaietako azkeneko ekintzak asteazkenean izango dira. Orduan, oilasko biltzeko afaria egingo dute Portun, eta gero Ibon DJaren emanaldia izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide