Lehengo jaien irudiak ekarriko dituzte gaur egungo Arroa Goiko festetara

Nerea Uranga 2014ko uztailaren 24a

Santio Egunarekin lotutako festetako aurreneko ekitaldiak gaur dituzte Zestoako Arroa Goian. Segidan, jaia Santa Ana Egunarekin uztartuko dute, igandera bitartean festa giroa nagusituz. Aurten, aurreko urteetako festetako argazkiekin eta Arroa Goiko argazki zaharrekin emanaldiak antolatu dituzte. Bi egunetan dira proiekzioak eliz atarian: bihar 22:30ean, eta igandean, 22:00etan. Argazkien emanaldiak antolatu eta aurretik irudiak biltzeko lantalde bat osatu dute Arroa Goian, festen antolatzaile taldeko Ainara Galdonak esan duenez. Proiekzioez gainera, irudiak paperera atera eta erakusketa txiki bat ere egin nahi dute. Gainontzean, aurreko urteetako festen ildotik antolatu dituzte aurtengorako ekitaldiak. «Aurten ere festetako azken egunerako mozorro eguna antolatu dugu, baina oraingoan sevillarrez jantziko gara». Ostolaza, orain alabarekin Joseba Ostolaza harrijasotzailea ohikoa da Arroa Goiko jaietan. Biharkoan, ordea, 8 urteko Udane alabarekin ariko da sorterrian. Gaur egun Orion bizi dira aita-alabak. «Iaz, alabarekin harrijasotzen erakustaldi bat edo beste egin nuen. Alabak berak ere aritu nahi zuela, eta egurrezko bat egin nion. Jolas antzerako bat egiten dugu bion artean, eta gustura jarduten du. Nik harria txukun nola jaso behar den erakusten diot, jolasean. 8-10 kiloko harriak jasotzen ditu», azaldu du aitak. Ostolaza aita-alabez gainera Mikela zestoarra ere ariko da harrijasotzen bihar. Aizkoran, berriz, Bihurri aita-semeek jardungo dute. Kirolariak batetik bestera dabiltza sasoi honetan, festetan erakustaldiak ematen. Uda erakustaldien garaia delako: herenegun Ostolazak Errenterian jardun zuen, bihar eguerdian Aian ariko da, eta arratsaldez Arroa Goian. 200 kiloko harriarekin, harria esku bakarrarekin altxatzen eta harri borobila altxatzen jarduten du erakustaldietan. Arroa Goiko Santio-Santa Ana jaietako egitaraua Uztailak 24, osteguna. Santio bezpera - 17:00. Txupinazoa. Segidan, ume jolasak eta txokolate jana. - 19:30. Triki-poteoa. - 21:00. Herri afaria: Joxe Ramon Akulu eta Oskar Alberdi bertsolariekin eta trikitilariek lagunduta. - 23:30. Erromeria, Izer, Alabier eta Lutxurdio. - 03:00. Imanol DJ Pajarito. Uztailak 25,ostirala. Santio eguna - 10:00. Meza. - 11:00. Patata tortilla lehiaketa (10:30erako, tortilla Herri-etxe elkartera eraman beharko da). - 11:30. Idiakaitz txistulari taldea eta Zestoako Albokariak. Segidan, sagardo lehiaketa: Olaberri, Azketa, Igartza-haundi, Etxeberri, Zelaikua, Azketaerrota eta Haritza. Egun honetan, baserritar jantziarekin ateratzeko eskatu diete. - 12:00.  Binakako esku pilotako finalak: gaztetxoetan, Odriozola eta Zunzunegi Uranga eta Salegiren aurka; eta, gazteetan, Adonis eta Aranberri Agirregabiria eta Salegiren kontra. - 16:00. Josu Arrietaren omenez parapenteko txapelketa. - 18:30. Karmelo Matrakaren omenez herri kirol saioa: harrijasotzen, Ostolaza aita-alabak eta Mikela. Aizkoran, Bihurri aita-semeak. Segidan, asto proba: Artabilla, Zueltzu Torre eta Gijarro. - 22:30. Jaietako argazkien emanaldia eliz atarian. - 23:00. Fan & Go taldearekin erromeria. Uztailak 26, larunbata. Santa Ana eguna - 11:00. Meza nagusia. Ondoren, Itxaropena dantza taldea. - Jarraian, adinekoentzako hamaiketakoa, Herri-etxe elkartean. Tartean, bingoa. - 19:30.  Herritarren arteko herri kirolak, frontoian. - 23:00. Erromeria, Ezten Giro taldearekin. Segidan, Imanol DJ Pajarito. Uztailak 27, igandea. - 12:00. Haur eta gaztetxoentzako Puxka Muxka Zirkusekin Zirko eskola txikia saioa, frontoian. - 14:00. Lolailo-en arteko bazkaria. Segidan, karaokea (irabazlearentzat sariarekin). - 18:30. Txokolate jana eta Gorriti eta bere abereak. - 22:00. Jaietako argazkien emanaldia, eliz atarian. - 22:30. Imanol DJ Pajarito, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide